Ikerketa

EAEko biztanleen %32 dira independentziaren erabat aurka daudenak

Eusko Jaurlaritzak egindako azterketa baten arabera, EAE Euskal Autonomi Erkidegoko biztanleen %32 dira independentziaren erabat aurka daudenak. Herritarren %22k, aldiz, indepentzia nahi luke, eta best biztanle multzo handi batek, %33k, baldintzen arabera onartuko luke edo ez Euskal Herria independente izatea. Beraz, EAEko herritarren %55 independentzia onartzeko prest egongo litzateke. Osterantzeko %13k ez zuen arazo horri buruzko iritzirik edo ez du erantzun nahi izan.

2003ko uztailaren 11
16:46
Entzun
Joan den otsailean egin zuen inkesta Jaurlaritzako Lehendakaritza sailak, eta 2.854 herritarri egin zizkieten galderak. Gipuzkoa da erabat independentziaren aldekoak diren herritar multzo handiena biltzen duen probintzia (%30). Bizkaian %20 dira eta Araban %13.

Era berean, gazteen artean —18tik 29 urte bitarteko jende multzoan— dago baldintzak edozein direla ere independentzia nahi dutenen talderik handiena (%26). Halaber, herri txikietako biztanleen %33 erabat independentziaren aldekoa da, eta bere burua ezkertiartzat duen biztanleen %32 ere bai.

EAEko herritarren %47k batik bat euskalduntzat dauka bere burua —%31k euskalduna baino ez dela dio, eta %16k espainiarra baino euskaldunagoa dela—. Aitzitik, %10 baino ez dira beren burua espainiar hustzat duten EAEko herritarrak.

Inkesta berean, politikarien balorazioa ere eskatu zaie herritarrei. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria da herritarrek gogokoen dutena (5,2 puntu). Haren atzetik, EAko Begoña Errazti eta EB-IUko Javier Madrazo kokatzen dira (3,9na punturekin), gero Aralarreko Patxi Zabaleta eta IUko Gaspar Llamazares (3,5na punturekin), Jose Luis Rodriguez Zapatero (3,4), Xabier Arzalluz (3,1) eta Patxi Lopez (3puntu).

Dudarik gabe, PPko buruzagiak dira azkeneko buztanak sailkapenean. Batasuneko Arnaldo Otegi (2,2 puntu) haien aurretik kokatzen dira, eta Jose Maria Aznar (2 puntu), Jaime Mayor Oreja (2 puntu)eta Carlos Iturgaitz (1,8) ia berdinduta daude. UAko Enriqueta Benitok jaso du puntuazio eskasena (1,7 puntu).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.