Inkesta

EAEko biztanleen %37k independentziaren alde bozkatuko luke Madrilek onartutako erreferendum batean

Espainiako Gobernuak onartutako independentziari buruzko erreferendum batean, EAEko herritarren %37k alde bozkatuko luke, %31k kontra, %13 abstenitu egingo litzateke eta %18k ez du esan zer egingo lukeen. Horixe da Eusko Jaurlaritzak egin duen Soziometro azterketak agerian utzi duen joeretako bat. Ildo beretik, herritarren %28k azaltzen du argi eta garbi independentziaren aldekoa dela; %34k aukera horren kontrakoa dela, eta %23k independentzia eskuratzeko baldintzen arabera erabakiko luke. Independentziaren alde daudenak %6 igo dira azken sei hilabeteetan.

2003ko abenduaren 19a
15:38
Entzun
Sei hilabetero egin ohi duenez, Jaurlaritzako Lehendakaritza Saileko Ikerketa Soziologikorako Bulegoak egin du Soziometro azterketa. Urriaren 7tik 18ra bitartean egin zizkioten galderak jendeari, guztira, 2.848 laguni.

Azken soziometroak agertu duenez, EAEko herritarren %34 independentziaren kontra dago; 1988an baino %5 gehiago. Independentziaren aldekoak, berriz, %28 dira, 1988an baino %3 gehiago, baina, halaber, duela sei hilabete azken Soziometroa egin zenean baino %6 gehiago. Herritarren beste %23 batek hartarako baldintzen arabera erabakiko luke independentzia nahi duenetz, eta %15ek ez du iritzirik eman.

Espainiako Gobernuak independentziari buruzko erreferendum bat onartuko balu, EAEko herritarren %37k independentziaren alde bozkatuko luke eta %31k kontra. %17 abstenitu egingo litzateke, eta %18k ez du adierazi zer egingo lukeen.

Bestalde, EAEko herritarren %56ren iritziz, eremu horretako gizarteak egun duen arazorik handiena indarkeriaren ingurukoa da.

Nortasun sentimenduei dagokienez, EAEk herritarren %47 "batik bat euskalduna" sentitzen da —hau da, euskaldun hutsa edo espainiarra baino euskaldunagoa—. %35ek, berriz, euskaldun bezain espainiar sentitzen dela erantzun du, eta %5ek, "batik bat espainiar" direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.