Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar biztanletik ia bat pobreziaren mugaren azpitik zegoen 2009. urtean. EAEko biztanleen %9,4 muga horren azpitik bizi dira, bizi baldintzei buruz Espainiako Estatistika Institutuak egindako inkestaren arabera. Muga hori 2008ko diru sarreren tarteko mugaren %60 dela zehaztu du INEk. Nafarroan bertako hiritarren %7,4 dira muga horren azpitik.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan elkarrekin bizi diren kideen diru sarrerekin hilabete bukaerara heltzeko nolabaiteko zailtasunak dituzten etxebizitzak %43 ziren 2009an. Datu hori 2008an baino bi puntu handiagoa da. Nafarroan etxebizitzen %37k arazoak dituzte hilabete bukaerara heltzeko, eta aurreko urtearen aldean ez da aldaketa adierazgarririk gertatu.
Bost familietatik batek ez du urtean aste beteko oporrak egiteko nahiko diru sarrera Hego Euskal Herrian. EAEn sei puntu igo da oporretan joateko behar besteko diru sarrerarik ez dutenen kopurua. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kopuru bertsuak ezin dio aurre egin ezohiko gasturen bati. Nafarroan, etxebizitzen %13k ezin dio aurre egin gastu horri.
Etxebizitza bakoitzeko urteko batez besteko diru sarrerak handitu egin direla jakinarazi du INEk, 2008ko datuei buruz ari den arren. EAEn, etxebizitzako, 31.348 euroko batez besteko diru sarrera izan zen, 2007an baino 2.000 euro gehiago. Nafarroan, 33.559 eurokoa izan zen batez besteko diru sarrera 2008an, aurreko urtean baino 700 euro gehiago, gutxi gorabehera.
Gizabanakoen urteko batez besteko diru sarrerak ere handitu egin ziren 2007tik 2008ra. EAEn 12.566 euroko diru sarrerak izan zituen biztanle bakoitzak, 2007an baino mila euro gehiago. Nafarroan 12.701 eurokoa izan zen 2008an batez besteko urteko diru sarrera, 2007an baino 600 euro inguru gehiago.
%20, mugatik behera
NIEk oro har Espainiako, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Hego Euskal Herriko datuak aintzat hartuz emandako datuen arabera, bost biztanletatik bat bizi da pobreziaren mugaren azpitik. Datu hori puntu bat igo da 2009tik 2010era. Bestalde, hamar etxebizitzetatik batek arazoak ditu hil bukaerara heltzeko. Are gehiago, hilabete batean gerta daitezkeen ezusteko ordainketei aurre egiteko zailtasunak dituzten etxebizitzen kopurua igo egin da. %7,5ek ez dute behar beste diru hipoteka, gasa eta argindarra ordaintzeko. Datu hori %4,7koa zen duela bost urte.
Etxebizitza bakoitzeko urteko diru sarreren batez bestekoa 25.732 eurokoa izan zen 2009. urtean. Datu hori 2008an baino %2,9 txikiagoa da. Azken datu horietan, pertsona baten urteko batez besteko diru sarrera 9.627 eurokoa da.
EAEko biztanleen %9, pobreziaren mugaren azpitik
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxeen %43k arazoak dituzte hil amaierara heltzeko; Nafarroakoen %37k
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu