Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %53ek independentzia nahia dutela azaleratu dute Euskobarometroak aurkeztu berri dituen datuek. Francisco Jose Llera Euskobarometroaren zuzendariak adierazi duenez, datuok hiru probintzietan egin dituzten 1.200 inkesten ondorio dira.
Herritarren %33k, gainera, nahi handi gisa definitu dute independentzia lortzeko gogoa. Ezker abertzaleko eta EAko boto-emaile ia guztiek independentziaren alde daudela diote, Aralarreko boto-emaileen kasuan %59k nahiko lukete independentzia, eta EAJren jarraitzaileen artean, berriz, %44k.
Bestalde, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko biztanleen %67 krisiaren ondorioak jasaten ari direla diote euskobarometroaren datuek. Langabezia eta etxeko ekonomiaren egoera dira herritarren kezka nagusiak. Gainera, ez daude batere gustura erakunde publikoak krisiaren aurka egiten ari diren lanarekin, ez aldundien kasuan, ez eta Eusko Jaurlaritzarenean ere.
Gatazka armatuaren amaierari dagokionez, hamaika puntutan igo da ikuspegi baikorra duten herritarren kopurua. ETAren indarkeriari soilik dagozkion datuak biltzen ditu txostenak. %58k adierazi dute ez dela erakundearen joerez fidatzen, eta %44k epe labur edo ertainean ETAren amaiera iritsiko den itxaropena azaldu dute. Alderdien legeari dagokionez, gehiengoa legez kanporatzeen aurka agertzen da, %37, hain zuzen ere; legearen alde, berriz, %29 daude.
Konfiantza gutxi Jaurlaritzan
Konfiantza gutxi dute herritarren %73k Eusko Jaurlaritzaren lanean. Gehiengoa dira, batez ere abertzaleen artean, aurreko legealdiko Jaurlaritzarekin konparatuz, gaur egungoa txarragoa dela baloratzen dutenak.
Nota txarra jaso dute gainontzeko erakunde publikoek eta politikariek ere. Erakundeen kasuan, Eusko Legebiltzarra da nota handiena jaso duena, eta politikarien artean, Aintzane Ezenarro. Bakoitzaren boto-emaileak kontuan hartuz, Arnaldo Otegi da egokien baloratu dena.
Oro har, interes gutxi sumatzen da herritarrengan politikari dagokionez. %31k bakarrik diote gaiarekiko interes nabarmena dutela; azken horien artean gehienek abertzale gisa definitu dute euren burua.
EAEko biztanleen erdiek baino gehiagok burujabetza nahi dute
Euskobarometroaren arabera, gizartean zabaldutako kezka nagusiak langabezia eta etxeko ekonomia dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu