EAEko dibortzioen %6,8tan agintzen du epaileak zaintza partekatua

Kasuen jaitsiera gertatu dela gogorarazi du Kidetza federazioak, eta zaintza partekatua lehenesteko eskatu du

Zaintza partekatuaren aldeko agerraldi bat, Iruñean, artxiboko irudian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Seme-alabak zituzten 2.088 senar-emazte banandu ziren 2009. urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 142 kasutan baino ez zen zaintza partekatuaren ereduaren alde egin, dibortzioen %6,8tan. Araban kasuen %4,7tan aukeratu zen seme-alaben zaintza partekatzeko eredua, Gipuzkoako kasuen %7,8tan eta Bizkaikoen %6,8tan. Datu horiek aurreko bi urteekiko jaitsiera dakartela gogorarazi du Kidetzak, Euskadiko Guraso Bananduen Federakuntzak, eta eredu hori lehenesteko pausoak eman behar direla nabarmendu du.

2007-2009ko tartean dibortzio kasuak %10,4 jaitsi dira, baina zaintza partekatua izateko eskariak handitu direla zehaztu du Justo Saenz Kidetzako presidenteak. Testuinguru horretan, epaileek erabakitzen dituzten zaintza partekatuen jaitsiera, dibortzio kasuetan gertatzen diren liskarraren ondorio dela zehaztu du. Banandu nahi duten bikoteen %4k auzitara jotzen dute gaur egun, baina 2005ean %35 zirela gogorarazi du Saenzek.

Zaintza partekatzeko, bi aldeak ados egon behar dute neurriarekin. Akordiorik ez badago, auzitara jotzen bada, epaileari dagokio baloratzea aukera egokiena dena, betiere adingabearen babesa lehenetsiz. Ordea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gutxitan egiten dute zaintza partekatuaren alde, Kidetzako presidenteak azaldutakoaren arabera.

Datu horiek Espainiako Dibortzioaren Legea «sekulako porrota» izan dela berresten dutela uste du Kidetzak. «Bilatzen zen gauzen artean gizonen eta emakumeen berdintasuna aurreikusten zuen, baina aurreko ereduak errepikatzen ditu legeak», azaldu du Saenzek. Alde horretatik, seme-alabei zaintzaren ardura ez duen gurasoaren kontrako jarrera indartzen dela aipatu duSaenzek, emakumea lan munduan sartzea zailtzen dela, desoreka ekonomikoak eragiten direla...

Dibortzioaren inguruan legeztatzeko aukera duten hainbat Espainiako erkidegok hori zuzentzeko neurriak hartu dituztela gogorarazi du Saenzek. Aragoin onartu dituzte, eta Valentzianonartzeko bidean daude. Ordea, Kataluniaren aitzindaritza nabarmendu du, zaintza partekatua lehenesten baitute auzitara jotzen duten dibortzio kasuetan. Ordea, kasu guztietan epaileari dagokio aukera hori zuzenena den zehaztea.

Eskaera, bide guztietatik

Espainian eta Katalunian dauden ereduak kontuan hartuta, Kidetza zaintza partekatua lehenesteko neurrien eskaera egiten ari dela gogorarazi du Saenzek. 2010. urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusietan eredu horren aldeko mozioak onartu ziren. Arabako kasuan aho batez onartu zen, Bizkaian PSE eta EB abstenitu egin ziren, eta Gipuzkoan bi alderdi horiek aurka bozkatu zuten. Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udaletan ere zaintza partekatuaren aldeko adierazpenak onartu egin dira 2010ean.

Iaz hasitako bideari eutsiko diotela gogorarazi du Saenzek, eta 2011ko lehen bi hilabetetan eztabaida Eusko Legebiltzarrera helduko dela aurreratu du. EAJ, PP, Aralar, EA eta UPyD legebiltzar taldeek legez besteko proposamena abiarazi dute, non Espainiako Gobernuari eskatuko dioten orain arte indarrean egon den eredua aldatzeko, eta zaintza partekatua lehenesteko. Espainiako legea aldatzearen aldeko pausoak egiteaz gain, EAEko arautegia aldatzeko eskaera ere egin du Kidetzak. EAEko Arartekoak alde horretatik eskaera bat egin zuela gogorarazi du Saenzek.

Artekaritza, «funtsezkoa»

Bi gurasoen arteko artekaritza «funtsezkoa» dela gogorarazi du Saenzek, eta alor horretan ere lan egin behar dela gogorarazi du. «Banandu nahi duten bikoteen akordioak errazten dituzten tresnak behar dira». Frantzian mota horretako baliabideak daudela gogorarazi du, eta dibortzioen aurrean auzitara jotzen dutenen kopurua «nabarmen» jaitsi dela gaineratu du. Zaintza partekatuaren nondik norakoak zehazterakoan ere agerian gelditzen da akordioak lortzeko beharra, gurasoen egoeraren arabera seme-alabentzat egokiena dena zehaztu behar delako, kasuan-kasuan. «Gurasoak elkarrengandik banatzen dira, ez seme-alabengandik».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.