HEZKUNTZA

EAEko eskola publikoetan, 6.831 ikasle gehiago matrikulatu dira

Hirugarren urtez jarraian, sare publikoak matrikula gehiago izan ditu pribatuak baino. Ikasleen %50,7k eskola publikoa hautatu dute. Zelaaren esanetan, "hezkuntza murrizketetatik kanpo" gelditu da sare publikoa.

2012ko irailaren 3a
18:05
Entzun

Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du gaur Durangoko Landako eskolan (Bizkaia), ikasturte berriari hasiera emateko. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 2012-2013ko ikasturtean 356.421 ikasle izango dira eskola publikoetan, iaz baino 6.831 gehiago. Igoerarik handiena Lehen Hezkuntzan izan da: 2.534 ikasle berrik egin dute matrikula. Hala ere, 0-2 urteko umeen matrikulak jaitsi egin dira: 236 ume gutxiago. Aurreko ikasturtean gertatu bezala, igoerarik handiena Araban izan da, %3,42.

Gainera, hirugarren urtez jarraian, sare publikoak matrikula gehiago izango ditu pribatuak baino. Ikasleen %50,7k eskola publikoa hautatu dute.

Zelaaren esanetan, "hezkuntza murrizketetatik kanpo" gelditu da sare publikoa. "Ez ditugu milaka eta milaka irakasleen lanpostuak galdu Euskadin murrizketak ez direlako indarrean jarri ez irakasleen ordutegietan, ezta gela bakoitzeko ikasle kopuruetan edo irakasleen ordezkapenetan ere". 

Hezkuntza sailburuak adierazi du  ikasturte hau “erabakigarria” izango dela euskal hezkuntza sistemaren modernizaziorako. Hiru eleko hezkuntza markoak hirugarren urtea du martxan. "Prozesuaren azken ebaluaketa egiteko ordua heldu da, eta Cambridgen eta PISA azterketak prestatzen dituzten erakundearen esku utzi ditugu", iragarri du Zelaak. Datu horiek batzen direnean, sistema osora zabalduko da hiru eleko sistema.

Eskola 2.0 proiektua DBHko bigarren mailara helduko da, 20.000 ordenagailu berrirekin. Guztira, 80.000 ordenagailu banatu dira lau ikasturtetan. 3.600 ikasgela digitalizatu dira, 48 miloi euroko inbertsioa eginda. "Orain arte ezezaguna zen iraultza teknologiko bat gertatu da euskal eskoletan, geroak ekarriko dituen erronketarako prestatuko duena", azaldu du Hezkuntza sailburuak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.