Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.829 lagun pobrezia larrian bizi dira, Eusko Jaurlaritzak iazko datuetan oinarrituta plazaratu duen inkestaren arabera. 62.889 lagunek ez dute dirurik oinarrizko premiak betetzeko, eta 35.348k ez dute dirurik ondasun iraunkorrak erosi eta gutxieneko bizimoduari aurre egiteko. Joseba Azkarraga Jaurlaritzako Justizia, Ekonomia eta Gizarte Segurantza sailburuak eman zituen atzo datu horiek.
4.500 pertsona gutxiago daude pobrezia larrian 2000. urtetik, hots, %29,5eko murrizketa izan da. Azkarragaren ustez, Administrazioaren «ekimen publikoak» ahalbidetu du txirotasun kasurik gogorrenen beherakada.Joseba Azkarragaren datuei jarraiki, pobreziatik hurbil bizi direnen kopuruak ere behera egin du. Ondasunak izan arren oinarrizko premiak osatzeko behar adina ez dutenen artean zeuden 2000. urtean familia guztien %4,7, eta gaur egun %4,4 dira. Egunerokotasunari erantzuteko gai izan arren ondasun iraunkorrik izan ezin zutenak %1,3 ziren orain lau urte, eta indize horri eutsi zaio.Azkarragak onartu zuen «zaila» izaten dela pobrezia neurtzea, bi arrazoirengatik: txiroek ez dutelako gustuko izaten neurketetan parte-hartzea eta osagai «subjektibo» dezente daudelako pobrezia zer den esaterakoan.
Oinarrizko Errentaren igoera
Nolanahi ere, lau urtean behin egiten duten inkestaren azkeneko laginaren berri eman zuen atzo, eta, oro har, pozik ageri zen. «Eusko Jaurlaritzak bazterketaren aurka indarrean ezarri dituen tresnak ari dira emaitzak ematen». Oinarrizko Errentaren adibidea eskaini zuen: Jaurlaritzak iaz 70,4 milioi euro bideratu bazituen, aurten 134 erabiltzeko asmoa dauka.
Sailburua baikor da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bizilagunen %94,8 ez direlako pobrezian bizi. Hala ere, dei egin zuen gogoan hartzeko oraindik ere ia 4.000 etxe daudelako pobreziarik larrienean, «ez baitute funtsezko beharrizanak betetzeko modurik eta ez dutelako diru baliabiderik arazo hori konpontzeko». Horri aurre egiteko «borondate politikoa» duela esan zuen sailburuak.
EAEko familien %6 pobrezian edo pobreziatik hurbil bizi dira
Eusko Jaurlaritzaren politikak egoerak hobera egitea ekarri duela esan du Joseba Azkarragak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu