Donostiako ume baten hilkutxan gorpurik ez dagoela ziurtatu ostean, Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak esan du haur lapurtuen auzian dagoeneko esan daitekeela delitua egon zela. Hain zuzen, Gipuzkoako Epaitegiak atzo baieztatu zuen 34 urtez Donostiako Polloe hilerrian egon den hilkutxa hartan ez dagoela giza arrastorik.
Kalparsorok haurraren familia Okariz Sarriasi esan dio kasu horrek ikerketa erraztu egin dezakeela. "Beraz, eta zalantzarik gabe, umeari zer gertatu zitzaion jakiteko gertuago gaude". Kasu hura izan da Gipuzkoako Epaitegiak ume baten gorpua hilobitik ateratzeko emandako lehen baimena.
Fiskalak azaldu du erietxeak sendiari esan ziola haurra hil egin zela jaiotzean eta orain aztertu egin beharko dela zer motako delitua egin zen orduan, kasuan zein medikuk eta erizainek parte hartu zuten... "Baina garrantzitsuena umea bizi den jakitea da".
"Gertatu dena zinez gogorra da. Haurra lapurtzea gauza bat da, baina nire gurasoek hileta elizkizunak eta guzti egin zituzten. Benetan barkaezina da", adierazi dio Okariz Sarriasek BERRIAri.
EAEn 600en bat familiak esan izan dute 1940tik 1980ra bitartean haurrak lapurtu zizkietela.