Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak esan du 'Parot doktrina' "zehazteko garaia" dela, "bidegabekeria materialeko egoerak" sor ez daitezen. Kalparsorok espero du Espainiako Auzitegi Konstituzionala "lehenbailehen" agertzea doktrinaren inguruan, horrek "oinarrizko eskubidea den askatasunari" eragiten diolako.
Kalparsorok Europa Press berri agentziari eman dion elkarrizketa batean gogorarazi du 'Parot doktrina' Auzitegi Gorenak "Fiskaltzaren jarreraren aurka ezarri zuen irizpidea" dela.
Presoak gerturatzearen inguruan esan du "ideia nagusia eta lehentasunezkoa" dela espetxeratuek zigorra betetzea bizi diren lekutik "gertuen" dauden zentroetan. "ETAko presoen kasuan, ulertzen dut banakako gerturatze neurriak hartu beharko liratekeela", gaineratu du.
Alde horretatik, baztertu egin ditu "gerturatze masiboak" eta "erabaki kolektiboak", eta gogorarazi du "amnistiak debekatuta" daudela.