Espainiako Auzitegi Nazionaleko 04/08 sumarioko ezker abertzaleko beste 35 auzipetuek bezala, Hasier Arraizek ere akordioa egin dezake EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzarekin eta auziko akusazioekin. Juan Kalparsoro fiskalburuak jakinarazi duenez, aldeak negoziatzen ari dira eta aste honetan egin dezakete akordioa. "Jarrera ezberdinak ditugu guztiok, baina helburu bera dugu", azaldu du.
04/08 sumarioan auzipetuta dago Arraiz, baina hura ez zuten Auzitegi Nazionalean epaitu. Hainbat atzerapenen ostean, urtarrilean hasi eta otsailean amaitu zen epaiketa, auzipetuek fiskaltzarekin eta akusazioekin akordioa egin ondoren. Arraiz, foruduna izanik, EAEko Auzitegi Nagusian epaitu behar zuten; maiatzaren 9an hasi behar zuen.
Fiskaltzaren akordioa eginda, Sortuko presidentea ez lukete espetxeratuko. Hala ere, kargu publikoetarako inhabilitazio berezia ezarriko liokete, eta ezingo luke, akordioan bestelakorik jaso ezean, EAEko hurrengo hauteskundeetan aurkeztu. Egun, EH Bilduren bozeramailea da Eusko Legebiltzarrean.
Auzitegi Nazionalean eginiko epaiketan auzipetuek onartu egin zituzten akusazio idatzietan haien aurka esandakoak eta ETAren indarkeriaren biktimei egindako "kaltea", eta uko egin zieten "indarkeriarekin lotutako jarduerei".
Arraizen kasuan, EAEko fiskalburuak bat egin zuen Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzarekin, eta sei urteko kartzela zigorra eta kargu publikoan beste hainbeste urtez aritzeko debekua eskatu zuen. AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak eta Dignidad y Justiciak, berriz, akusazio gisa aritu direnek, hamar urteko espetxe zigorra galdegin zuten.