Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak gaur jakinarazi du 2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietarako "ezkerreko indar subiranisten metaketa" bilatuko dutela, koalizioa eginda. Horri "aliantza estrategikoa" deritzo Alternatibak. Udal arloan, berriz, "ahal den heinean" bilatuko du aipatutako metaketa.
Alderdi politikoaren arabera, "datozen udal eta foru hauteskundeak aukera aparta izango dira euskal eskuma hegemonikoari -PP, UPN, EAJ, H1! eta PSEri- aurre egingo dien ezkerreko indar subiranisten metaketa bermatzeko, betiere bide baketsu eta demokratikoak bitarteko".
Bozetako estrategia horretaz mintzatuko dira Alternatibako kideak larunbatean Bilbon, I. Nazio Biltzarrean. Arrupe Etxean egingo dute. Halaber, militanteek berretsi egingo dituzte demokrazia, subiranotasuna, feminismoa, antikapitalismoa eta ekologismoarekiko atxikimenduak. Erakundearen estatutuak eta emakumeen partaidetzarako erronkak ere bozkatuko dituzte.
Gaur Donostian hedabideen aurrean, Matute ez ezik, Ander Rodriguez Gipuzkoako Batzar Nagusietako eleduna eta Amaia Agirresarobe Alternatibako Antolaketa idazkaria ere azaldu dira.
politika
EAEko foru bozetarako ezkerreko indar subiranisten koalizioa bilatuko du Alternatibak
Udal arloan "ahal den heinean" bilatuko du metaketa hori. Alternatibak larunbatean egingo du bere I. Nazio Biltzarra, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu