GAZTEAK

EAEko gazteek ez diote batere garrantzirik ematen erlijioari

Jaurlaritzaren Gazteen Behatokiak euren ohiturak eta jarrerak ezagutzeko azterketa egin du 4.200 gazteri egindako inkestaren bidez

Iñigo Bilbao Sagastiberri.
2005eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteek ez diote batere garrantzirik ematen erlijioari. Norberaren lehentasunak direnen zerrenda eginez gero, hori da azkena eta huts egiten duen bakarra. Nota jartzea eskatu zaienean (0tik 10era) 3,34 besterik ez diote eman. Politikak zirrara berezirik eragiten ez badie ere, azterketa gainditzea lortzen du, 5,05eko puntuaketarekin. Sexuari berari baino, gazteek garrantzi handiagoa ematen diote familiari; eta oraindik gehiago, norberaren osasunari.

Emaitza horiek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteek eguneroko bizitzan dituzten ohiturak, jarrerak, iritziak eta baliabideak ezagutzeko Jaurlaritzaren Gazteriaren Behatokiak egin berri duen ikerketan ageri dira. Txostena 4.200 gaztek telefonoz egin zaien galdeketari emandako erantzunekin osatu dute.

Dirua kezka nagusi

Horren arabera, dirua eta ondasun materialak dira gaurko gazteen kezkarik handienak, eta sexua eta bikote-harremanak berriz, txikienak. Adiskideek edo familiak berak baino ardura handiagoa eragiten diete besteek eurei buruz duten iritziak edo norberaren irudiak edo itxurak.

Duten bizi kalitateari buruz galdetu zaienean, bestetik, gazteek oso ongi bizi direla uste dute, eta erdiak esan du ez duela etorkizun planifikaturik. Ez dakite seguru etorkizunean lan zertan egingo duten, ezta une honetan lanean ari direnek ere.Hiru herrialde horietako gazte gehienak baikorrak dira beren etorkizun pertsonalari dagokionez, eta horretaz gehienbat familiartean, lagunekin eta bikotearekin hitz egiten dute. Dena den, lau gaztetik batek esan du etorkizunari buruz gutxi hitz egiten duela, edo batere ez.Galdera munduaren etorkizunaren ingurukoa izan denean, hirutik bat baikor agertu da, nahiz eta baikortasun horrek behera egiten duen adinak aurrera egin ahala.Aisialdiari dagokionean, gazteek asteburu gauak hartzen dituzte gozamenerako. Etxetik ateratzeko ordua 20:00-22:59 artean izaten dute eta itzultzeko, 04:00-07:00ak artean. Jaurlaritzarentzat datu kezkagarria da inkestari erantzun diotenen %43,6k onartu dutela mozkortuta zihoan gidari batekin autoan joan izana.Gazteek asteburuarekin lotzen dute aisia: taberna, pub eta dantzalekuetara joan, jatetxean afaldu edo kalean edatearekin. Dibertimendua, lagunartean egotea eta abentura dituzte gogoko batez ere gazteok.Asteburu gauetako joan-etorrietarako garraio publikoa erabiltzen dute batik bat. Baina ondoren norberaren autoa izaten da aukerarik ohikoena. Izan ere, irteten dutenen heren batek autoa hartzen du gauetan.Gazteek aitortu dute ez daukatela diru arazorik gauez parrandan ibiltzeko. Gehienek (%64,6) nahiko diru izaten dutela uste dute, eta askok (%22,7)nahikoa baino gehiago. Asteburuetako parrandetan alkoholaz gain bestelako drogarik hartzen duten ez diete galdetu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.