Eusko Jaurlaritzak Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren proposamenaz egindako inkestaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %59k ondo ikusiko lukete hark galdeketa egitea Espainiako Gobernuaren aldetik debekua izan arren.
Irailaren 28an aurkeztu zuen Ibarretxek proposamena Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean, eta urriaren 19a eta 20a bitartean egin du inkesta Jaurlaritzak, Gizaker enpresaren bidez; 600 telefono deitu egin dituzte. Lehendakaria urriaren 16an Madrilera joan zen, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidentearekin egotera, eta honen ezezkoa jaso zuen.
2008ko ekainerako indarkeria ezaz eta erabaki eskubideaz akordioa lortu nahi du Ibarretxek Espainiako Gobernuarekin, eta ondoren Eusko Legebiltzarrera joango da galdeketa baimena eskatzera. 2008ko urriaren 25ean egin nahi du galdeketa.
Eusko Jaurlaritzak emandako datuak
Proposamenaren berri. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %82k zerbait entzun dute Ibarretxeren proposamenaz.
Saiakera. %89ri ondo iruditzen zaie Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hitz egitea euskal gatazkari irtenbideak bilatzen saiatzeko. %86ri ondo iruditu zaie Ibarretxe Moncloara joatea proposamena azaltzera. %64 azaldu dira, neurri polizialak gauzatzeaz gain, elkarrizketa erabiltzearen alde.
ETAren su-etenaren arabera. %58k uste dute ETAren su-etenaren zain egon gabe gatazka konpontzen saiatu behar dela. %26k kontrako iritzia dute, ETAk su-etena eman gabe ezin dela hitz egin.
Zapateroren erantzuna. %56ri gaizki iruditu zaie Zapaterok akordiorako aukera atzera bota eta euskal herritarrei galdeketa egiten ez diela utziko esan izana. %18ri iruditu zaie ondo.
Espainiako hauteskundeen ondoren. %35ek uste dute Zapaterok jarrera alda dezakeela Espainiako hauteskundeen ondoren (2008ko martxoan izango dira), beste %35ek iritzi diote jarrera bera mantenduko duela, eta %30ek ez dakite edo ez dute erantzun.
Eusko Legebiltzarrari baimen eskaera. %77ri ondo iruditu zaie Ibarretxek Eusko Legebiltzarrari kontsulta egiteko baimena eskatu nahi izatea; gaizki, %9ri. Herritarren %12k pentsatzen dute Eusko Legebiltzarrak baimena emango balu, Espainiako Gobernuak dekebatu egin beharko lukeela galdeketa, eta %64 debeku horren aurka leudeke.
Debekuaren aurrean. Espainiako Gobernuak galdeketa egiteko debekua emango balu ere, EAEko herritarren %59k ongi ikusiko lukete Ibarretxek kontsultarako deialdia egitea. Gaizki, %21ek. Baimenarekin edo gabe, %65 botoa ematera joango lirateke.
Galdeketaren emaitza onartu. %73k diote erakundeek, alderdi politikoek eta ETAk kontsultaren emaitza onartu eta bere egin beharko luketela. %8k diote ez luketela hala egin beharrko.
Politika
EAEko gehiengoak ondo ikusiko luke lehendakariak galdeketa deitzea debekua egonda ere
Eusko Jaurlaritzak inkesta egin du Ibarretxeren proposamenari buruz. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %65 botoa ematera joango lirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu