Terrorismoaren amaierari buruzko soziometroaren arabera, EAEko hamar herritarretik zazpi ados daude indarkeria errefusatzen duten ETAko presoak gizarteratzearekin eta gerturatzearekin. Inkestan parte hartu dutenen % 21 agertu da amnistia orokor baten alde.
Víctor Urrutia Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduradunak gaur eman du datuen berri.
Otsailaren 6tik 11ra egin zuten galdeketa, eta 2.254 elkarrizketa burutu zituzten, ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri eta lau hilabetera.
EAEko herritarren %52ak uste du ETAk behin betiko baztertu duela jardun armatua; %36ak, aldiz, kontrakoa uste du.
Horrez gain, hamar herritarretik zazpik pentsatzen du ETA desegin egingo dela, eta %20aren arabera, ez da inoiz desagertuko.
ETAren jardun armatuaren amaieraren inguruan itxaropen gutxien dutenak 65 urtetik gorakoak eta PP alderdia bozkatzen dutenak dira, soziometroaren arabera. Sinesgarritasun gehien ematen diotenak, berriz, Amaiurreko eta EAJko hautesleak.