EAEko herritarren %38k independentzia babestuko lukete, galdeketa eginez gero

Egungo egoera politikoa ona dela uste dute %53k , Eusko Jaurlaritzaren Soziometroaren arabera

Erredakzioa
2006ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Independentziari buruzko erreferenduma egingo balitz, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herritarren %38k aukera horren alde egingo lukete, eta %31, aldiz, kontra azalduko lirateke.Herritarren %13 abstenitu egingo lirateke, eta gainerakoek (%19k) ez dute argi euren botoa edo ez diote galdera horri erantzun. Eusko Jaurlaritzako azterketa soziologikorako bulegoak egindako Soziometro inkestaren emaitzak dira horiek. Araba,Gipuzkoa eta Bizkaiko hiru mila bat biztanleri egin zieten galdeketa maiatzean. Azkeneko aldiz 2003ko urrian egin zuten galdera hori Soziometroan, eta ordutik puntu bat igo da independentziarenalde bozkatuko luketenen ehunekoa. Kontrakoak %31 ziren orduan ere.

Inkesta horretan independentziari buruz egindako galderetan, galdekatutakoen ia bi herenek (%63k) uste dute «gizarte demokratiko» batean eta indarkeriarik gabe aukera guztiek posible izan beharko luketela, independentzia barne. Halaber, inkestak aztertu du zein faktorek eragingo luketen independentziaren aldeko botoa emateko. Euskal Herrian bakea bermatuta egotea, euskal herritarren artean liskarrik ez egotea eta independentziarako bidea «bide baketsu eta demokratikoetatik» egitea dira herritarrekgehien aipatu dituzten baldintzak.

Autodeterminazio eskubideaz ere galdetu egin zaie Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrei. Galdetutako herritarren %30ek autonomia erkidegori autodeterminazio eskubidea aitortzen dien estatu antolakuntza bat nahiago dute, eta %28 erkidegoek gaur egun duten egituraketa eta konpetentzia mailaren alde agertzen da. Herritarren %23ren iritziz, berriz, gaur egun baino autonomia maila handiagoko erkidegoez osatutako Estatua litzateke egokiena.

EGOERA POLITIKOA, HOBERANTZ. ETAren su-etenak Euskal Herrian irekitako abagune politiko berria baikor ikusten dute Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herritar gehienek, inkestak agerian utzi duenez. Izan ere, galdekatutakoen erdiek (%53k) uste dute Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoa ona edo oso ona dela. Duela urtebete jasotako erantzunekin alderatuz gero, bikoiztu egin da egoera politikoaren inguruko balorazio positiboa egiten dutenen kopurua. %36k, berriz, egoera txarra edo oso txarra dela iritzi diote. Espainiako egoera politikoaren inguruko balorazioa ere, oro har, ona edo oso ona da herritarren irudiko (%44).

Egoera politikoari buruzko iritziak hoberantz egin badu ere, ideia politikoak babesteko dagoen aukeraz eta askatasun mailaz emandako iritzia ez dira hain onak. Hala, galdetutako herritarren erdiak baino gehiagok (%51k) ez dute uste EAEn ideia politiko guztiak defendatzeko aukera dagoela.

Bestalde, politikaz hitz egiteko libre sentitzen direnen kopurua (%40) iazko maiatzean izandakoaren antzekoa da (%41). Ia beste horrenbestek (%39k) politikaz hitz egiteko bakarrik pertsona batzuekin sentitzen direla libre esan dute.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian giza eskubideak errespetatzen direla uste dutenak inkestatuen erdiak dira (%50). Gainera, pozik edo oso pozik daudenen kopurua nabarmen igo da iaztik hona (%36tik %50era). Hala ere, giza eskubideen errespetuarekin pozik ez daudenen kopurua ez da makala, %42k hala uste baitute.

Boto asmoari buruz ere galdetu diete inkestatuei. Hala, EAEko hauteskundeak orain egingo balira, EAJ izango litzateke alderdirik bozkatuena. Zehazki, inkestatuen %21ek EAJri emango liokete botoa. PSE-EEk bigarren indar politikoa izaten jarraituko luke, %14k alderdi horri emango bailiokete botoa. EHAK eta PP, berriz, berdinduta agertzen dira inkestan: herritarren %8k EHAKren aldeko boto-jarrera azaldu dute, eta beste %8k PPren aldekoa.Eusko Alkartasunari herritarren %5ek emango liokete botoa; %4k Ezker Batuari eta %3k Aralarri. Dena den, emaitza horiek ez dira ohiko hauteskunde inkesta baten parekoak, orokorragoak baizik.

EA ETA EB-REN IRITZIAK. Soziometroaren inguruko iritzia eman zuten atzo Unai Ziarreta EAko idazkari nagusiak eta Mikel Arana EBkoeledunak. Ziarretak beharrezkotzat jo zuen esparru juridiko-politikoa aldatzea aukera politiko guztiak, independentzia barne, gauza daitezen. Izan ere, EAko buruaren ustetan, euskal herritar gehienek ontzat jotzen dute independentzia indarkeriarik gabeko egoera batean.

Bestetik, EBko eledunak azpimarratu zuenez, euskal gizarteak erabakitzeko eskubidearen aldeko apustua egiten du. Hala, PP eta PSEri dei egin zien erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaidari «beldurrik gabe» heldu diezaioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.