EAEko herritarren %45 autonomien eredua gainditzearen aldekoak dira

Herritarren erdiek ez dakite zein erakundek biltzen dituen zergak, Jaurlaritzak egindako inkesta baten arabera

Victor Urrutia, atzo, inkestaren aurkezpenean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar herritarretik ia erdiak egun indarrean dagoen estatu eredua aldatzearen alde daude. Nazioak estatu independente izatea onartuko lukeen estatu eredua babesten dute herritarren %23k, eta autonomia erkidegoek orain baino autonomia handiagoa izango luketen estatu federalaren aldekoak dira biztanleen %22. Gaur egungo estatu eredua ontzat jotzen dituzten herritarrak, berriz, %40 dira. Hala dio Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak argitara eman duen inkesta berriak. Gustukoen duen herri ereduari buruz galdetu die Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrei, eta, emandako erantzunen arabera, ondoriozta daiteke parekatuta daudela eredu autonomikoaren alde eta eredu hori gainditzearen alde daudenak. Gutxiengo batek (%6) baino ez luke ongi ikusiko «gobernu zentral bakarra» edo autonomiarik ez lukeen estatu eredua.

Atzo aurkeztu zituen inkestaren emaitzak Victor Urrutiak, Eusko Jaurlaritzako Azterketa Soziologikoko Kabinetearen buruak. Galdeketa otsailaren 6tik 11ra egin zuten. 2.254 inkesta egin zituzten, telefonoz zein etxez etxe egindako banakako elkarrizketen bidez; 504 herritar galdekatu zituzten Araban, 1.134 Bizkaian, eta 616 Gipuzkoan.

2010eko azaroan egin zuen Jaurlaritzak herri ereduari buruzko azken inkesta, eta, orduan kaleratutako datuekin alderatuta, zertxobaitgora egin du independentziaren eta estatu federalaren alde dauden herritarren kopuruak. 2010ean, %22k babesten zuten nazioen independentzia onartuko lukeen estatu eredua, eta %19k estatu federala. Erkidegoetan banatutako estatu ereduaren aldekoak orain baino gutxiago ziren (%36), eta autonomiarik gabeko estatu zentralistaren aldekoen kopurua, berriz, puntu bat handiagoa zen (%7).

Batzar Nagusien aukera?

Eusko Jaurlaritzak hiru ataletan banatu du inkesta: zerga sistema, eskumenen bikoizketa eta estatu eredua. Zerga sistemari dagokionez, hiru galdera egin dizkie herritarrei: zergak arautu eta biltzeaz ardura duten erakundeei buruz, iruzur fiskalari buruz etakrisi ekonomikoari aurre egiteko hartu beharreko neurriei buruz.

Bitxia da Jaurlaritzaren inkesta, EAEn zergak arautzearen inguruko galderari erantzuteko eman dituen aukeretako bat bera ere ez delako zuzena. Jaurlaritzak inkestan herritarrei galdetu die zein erakundek duen zuzeneko zergei buruzko arauak ezartzeko ardura, eta erantzunen artean Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, foru diputazioak eta udalak jarri ditu aukeran. Zergak arautzeko eskumena, ordea, lurralde bakoitzeko Batzar Nagusiek dute, baina inkestan ez da aukera hori agertzen.

Inkestan jasotako erantzunak ikusita, Urrutiak azaldu du herritarren erdiek baino gehiagok ez dakitela identifikatzen zein erakundek arautzen dituzten zergak. Izan ere, %16k diote Espainiako Gobernuak arautzen dituela; %24k uste dute Jaurlaritzarena dela eskumena; %2k diote Udalak arautzen dituela, eta %22k ez dakite norena den eskumena. Foru diputazioen ardura dela diote, berriz, %36k, eta erantzun hori zuzentzat jo du Jaurlaritzak. Herritarren erdiek, gainera, ez dakite zergak biltzeko ardura zein erakundek duen.

Zergak arautu eta biltzeko eskumena nork izan beharko lukeen ere galdetu du Jaurlaritzak, eta galdekatuen %45ek erantzun dute nahiago luketela Eusko Legebiltzarrak arautzea eta Jaurlaritzak edo diputazioek biltzea.

Iruzur fiskalari dagokionez, hamarretik zazpi herritarrek iruzur handia edo nahikoa dagoela iritzi diote. Gainera, zergak modu justuan biltzen direnik ez dute uste hamarretik zortzik. Krisi ekonomikoari aurre egiteko neurrien artean, berriz, zerbitzu publikoak mantentzea da herritarrek hobetsi duten aukera.

Bestetik, inkestaren arabera, herritarren %43k uste dute erakundeen artean bikoizketak daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.