EAEko herritarren erdiek uste dute kontrol eta bakartze neurri zorrotzagoak hartuko beharko liratekeela

Lehendakaritzak inkesta bat egin du COVID-19ak herritarren artean eragiten dituen iritzia eta jarrerak ikertzeko, eta, horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %30ek nahiko lukete txertoa «ahal bezain laster» jarri

Erizain bat PCR proba bat egiten paziente bati, joan den irailean Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko urriaren 23a
12:56
Entzun

Hau da galdera: «Kontrol eta isolamendu neurri zorrotzagoak hartu beharko lirateke, orain arte bezala jarrai dezakegu edo neurri arinagoak hartu beharko lirateke?». EAEko herritarren %48k erantzun dute neurri zorrotzagoak hartu beharko liratekeela, eta %45ek irizten diote orain arte bezala jarrai daitekeela. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak, oro har, kezkatuta daude COVID-19aren hedapenarekin: horien %33, oso kezkatuta; eta %54, nahiko kezkatuta. Hori adierazten du Lehendakaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak herritarren artean izurriak eragiten dituen iritziak eta jarrerak ikertzeko egindako inkestak.

Lehendakaritzaren prentsa oharraren arabera, hori ontzeko 1.430 elkarrizketa egin zituzten, telefonoz, joan den urriaren 13aren eta 17aren artean. Elkarrizketatuen adin tarteari dagokionez, %34k 46 eta 64 urte artean dituzte; %28k, 65etik gora; %26k, 30etik 45era; eta %12k, 18tik 29era. Parte hartu dutenen artean, %48 dira gizonezkoak, eta %52 emakumezkoak. Guztien artean %46k dute ordaindutako lan bat.

Zazpi ataletan banatu dute inkesta, eta horietako batek erreferentzia egiten dio birusaren aurkako txerto posibleari. Lehen galdera da ea jarriko luketen, «lortzen denean», osasun agintariek «eraginkor eta segurutzat» hartutako txertoa. Inkestatuen artean %30ek erantzun dute baietz, «ahal bezain laster» jarriko luketela. %47k, aldiz, jarriko lukete, «baina bakarrik beste jende askori jarri ondoren». Atal hauek jaso ditu inkestak.

KEZKA

Pandemiarekin lotutako etorkizunerako kezka nagusia osasuna da (%30), norberarena edo ingurukoena, baina izurriak ekonomian eta enpleguan ekarriko dituen ondorioak ere badira kezka iturri (%29), birusaren bilakaerari eta iraupenari buruzko ziurgabetasuna bezalaxe (%26). Ikerketan parte hartu dutenei galdetu diete gaixotuz gero ea zenbaterainoko larritasuna izango zukeen gaitzak haien osasunean. %37k uste dute ez ziela modu «oso larrian» eragingo, eta %28k, baietz, «nahiko larriki» eragingo ziela. Adin taldearen arabera aldatzen da pertzepzioa: inkestan parte hartu duten 30 eta 45 urte artekoen %52ri iruditzen zaie ez ziela era «oso larrian» eragingo; 46-64 urte dituztenak aintzat hartuta, ehuneko hori %33koa da.

Izurria zer puntutan dagoen galdetuta, bestalde, herritarren %48k erantzun dute «okerrena» iristeke dagoela oraindik.

OSASUN SISTEMAREN ERANTZUNA

Osakidetzaren erantzunari dagokionez, ona izaten ari dela pentsatzen dute ikerketan elkarrizketatutakoek. Espainiako beste erkidegoetako osasun sistemena baino hobea izaten ari da EAEkoaren erantzuna, herritarren %62rentzat. Izurriarekin gaixotutakoei Osakidetzan emandako arretari dagokionez, puntuazioa 7,3koa da, 0tik 10erako eskalan. Puntuazio hori, ordea, apur bat jaisten da, 6,1era, herritarrei galdetzen zaienean zer-nolakoa den osasun agintariek herritarrei emandako informazio eta gomendioen «argitasuna».

ERAKUNDEEN JARDUERA KRISIAREN KUDEAKETAN

Inkestan parte hartu dutenei eskatu diete baloratzeko Eusko Jaurlaritza modu egokian ematen ari ote den pandemiak EAEn duen eraginari buruzko informazioa. 0 puntuazioa litzateke modu oso desegokian ematen ari dela, eta 10, berriz, modu oso egokian ari dela. Herritarrek 6,2ko nota jarri diote. Pandemia kudeatzeko orduan eskumenek, «nagusiki», norenak beharko luketen galdetuta, %75ek erantzun dute «elkarlanean» aritu beharko luketela Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetakoek.

PANDEMIAREN AURKAKO NEURRIAK

COVID-19arekin kutsatzeko arriskuarengatik, eta «laneko harremanak alde batera utzita», EAEko herritarren erdiak «lehen baino askoz ere jende gutxiagorekin egoten dira». Urruntze fisikoari dagokionez, %67k «pertsona guztiekin edo ia guztiekin» mantentzen dute —etxe berean bizi direnak ez dira kontuan hartzen— gomendatutako gutxieneko metro eta erdiko distantzia. Adin taldearen arabera, ehunekoa handituz doa. 46-64 urte dituztenen %71k mantentzen dute, eta 65 urtetik gorakoen %82k. Maskararen erabileraz galdetuta, elkarrizketatuen %76k erantzun dute aire zabalean, adibidez, «beti» erabiltzen dutela senide batekin edo lagun batekin elkartzen direnean. Norbera bizi ez den etxean senideekin edo lagunekin elkartzean, ordea, %41ek janzten dute.

Herritarren jokabideaz galdetuta, herritarren %71ri iruditzen zaie EAEko herritar gehienak «gizalegez eta elkartasunez» jokatzen ari direla COVID-19aren kontrako neurriekiko. Ezarritako neurrien artean konfinamendua iruditzen zaie gogorrena, eta %40ri «nahikoa gogorra» egiten zaio maskara derrigorrez erabili behar izatea.

ONDORIOAK EKONOMIAN ETA OHITURETAN

Herritarrei galdetu diete nola eragin dien koronabirusaren krisiak haien egoera ekonomikoari. %61aren egoera «ez da aldatu»; urtebete barruko abagune posibleaz galdetuta, %47k erantzun dute ez dela aldatuko; %26rentzat «orain baino pixka bat okerragoa» izango da.

Pandemiaren ondorioz etorkizunean aldatuko diren ohituren inguruan, %29k uste dute lan egiteko modua «asko» aldatuko dela, eta %27k irizten diote besteekin harremanetan jartzeko modua ere neurri berean aldatuko dela.

TXERTOA

Txertoa jarri nahi ez izateko arrazoien artean, %30ek intentzio hori dute iritzi diotelako txertoa ez dela «segurua» izango, eta %17k txertoaren ikerketak «denbora gehiago» behar duela pentsatzen dutelako.

ZAINTZA LANAK PANDEMIA GARAIAN

Pandemia garaian etxeko lanen eta zaintza lanen banaketan gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna handitu ote den galdetu diete inkestan parte hartu dutenei, eta %25ek erantzun dute «handitu» egin dela; %52rentzat, «berdin» mantendu da. Eta, izurriaren aurretiko egoerarekin alderatuta, seme-alaben zaintza eta eguneroko beste jarduera batzuk  bateratzea orain zailagoa da %47rentzat.

 

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.