Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hizkuntz ereduak gainditzeko Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak gaur egin duen proposamenaren arabera, “hezkuntza sisteman euskara hizkuntza nagusia izanda”, ikastetxe bakoitzak bere eredua garatu ahal izango du, tokian tokiko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuz gaztelaniari garrantzi handiagoa edo txikiagoa emanez. Gaur egungo eredua 1982an onartu zuten. Jaurlaritzak frantsesa eta ingelesa ere bultzatu nahi ditu.
PPk ez beste alderdi denek diote gaurko A, B eta D ereduek ez dutela bermatzen “ikasleek beharrezko euskara maila lortzea” eta, horri buelta eman nahian, gaur aurkeztu du Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak eredua aldatzeko proposamena Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean.
Asmoaren arabera, “ikastetxe guztiei euren hizkuntza proiektu eleanitza gara dezatela eskatuko litzaieke eta, helburuak lortzen diren heinean eta proiektu honetan oinarrituta, irakas hizkuntzen orduen kopurua alda daiteke”, esan du Camposek bere hitzaldian.
Egitasmoaz hizketan segituko dute hurrengo hilabeteetan baina, aurrera aterako balitz, Derrigorrezko Hezkuntza bukatzen duten EAEko ikasle denek (16 urterekin), EAEko bi hizkuntza ofizialetan “ondo komunikatzeko gaitasuna” izan beharko dute (euskaraz eta gaztelaniaz). Helburu hori lortzeko, bi azterketa gainditu beharko dituzte: 12 urterekin Europako B1 maila eduki beharko dute bi hizkuntza horietan (moldatzeko moduko maila) eta 16 urterekin B2 (bietan edozein egoeretan ondo aritzeko maila).
EAEko bi hizkuntza ofizialak ez ezik, frantsesa eta ingelesa ere dominatu beharko dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikasleek 16 urte dituztenerako; hala, B1 maila izan beharko dute.
Hezkuntza
EAEko ikastetxe bakoitzak bere hizkuntz eredua izango luke, "euskara izanda hizkuntza nagusia"
Gaur aurkeztu du hizkuntz ereduak aldatzeko proposamena Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak. Derrigorrezko Hezkuntza bukatzen duten EAEko ikasle denek -16 urterekin-, EAEko bi hizkuntza ofizialetan “ondo komunikatzeko gaitasuna” izan beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu