EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren arabera, Partaidek eta Eusko Ikastolen Batza-EIBk langileen soldata osoa ordaindu beharko dute eta, beraz, ezingo dute ezarri Eusko Jaurlaritzak agindutako %5eko murrizketarik. Auzitegiak martxoaren 15ean sinatutako epaiak dio ELA eta LAB sindikatuek arrazoia dutela, eta ikastolek ezin dituztela lan itunean hitzartutako soldatak jaitsi.
Jaurlaritzak itunpeko ikastetxeetako langileen soldatak ordaintzeko ekarpenari %5eko murrizketa aplikatu zion, eskola publikoetako langileentzako egin zuen modu berean. Espainiako Gobernuak funtzionarioentzat ezarritako soldata murrizketak daude auziaren iturrian. Madrilek, ordea, ez zuen agintzen itunpeko irakaskuntzarako diru sailak gutxitzeko.
Pablo Sesma EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak boto partikularra eman du. Haren iritziz, Jaurlaritza bera izan da gatazka eragin duena, eta hark egin behar dio aurre itunpeko ikastetxeek lan hitzarmenean zehaztutako soldatak ordaintzeko ardurari.
Epaiari helegitea jartzeko hamar eguneko epea dute aldeek.