Hitzarmenean aurreikusten denez, homologazio prozesua 2013. urtean amaituko da, eta orotara, 5,7 milioi euroko aurrekontua du. Egun, 1.957 langile ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Justizia Administrazioak, eta 1996. urtetik daude transferituta EAEko Justizia Administrazioko langileen kudeaketaren eskumenak.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak akordioa sinatu ostean eginiko agerraldian adierazi duenez, langileen «aldarrikapen historiko bati» amaiera eman dio hitzarmenak. Elkarrizketari esker lortu dutela ere azpimarratu du Mendiak. Hitzarmenean lehendik zegoen itunaren hainbat alderdi bere horretan utzi dituzte -euskaren normalizazioari dagokiona, esaterako-, eta, batez ere, soldaten alorrean egin da jauzirik handiena.
«Erne» egongo dira
ELA sindikatuak akordioaren sinadura atzeratu izana leporatu dio Eusko Jaurlaritzari. Akordioa lortuta, hitzarmena «oso-osorik» bete dadin lan egingo duela adierazi du ELAk. Izan ere, ELAren irudiko, «erne» egon behar izateko hainbat arrazoi daude.
Homologazioa
5,7
Justizia Administrazioko funtzionarioak Euskal Administrazio Orokorrekoekin homologatzeko prozesuak 5,7 milioi euroko aurrekontua izango du, eta 2013. urtean amaituko da. Lau urteko iraupena izango du prozesuak.2010. urtea. Homologazioaren %23 egingo dute, eta 900.000 euroko aurrekontua du.
2011. urtea. Langileen homologazioa %35era helduko da. Milioi bat euroko aurrekontua du.
2012. urtea. Homologazioa %80ra ailegatuko da. 2,6 milioi euroko aurrekontua izango du.
2013. urtea. Justiziako langileen homologazio prozesua helmugara iritsiko da. 1,2 euroko aurrekontua aurreikusten dute azken urterako.