Auzitegiak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak kereila jarri du Otegi, Goirizelaia, Zubimendi eta Barrenaren aurka

Euskal Autonomi Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak kereila jarri du Arnaldo Otegi, Jone Goirizelaia, Araitz Zubimendi eta Pernando Barrenaren aurka, "legez kanpoko manifestazioa eta terrorismoa goratzea delituak" leporatuta. Fiskaltzaren arabera, irailaren 20an Bilbon 'No apartheid, autodeterminazio' lelopean egindako manifestazioak irailaren 14an Herrerako (Araba) gainean hildako Arkaitz Otazua ETAko kidea omentzea zuen helburu hasiera-hasieratik.

2003ko irailaren 30a
17:23
Entzun
Fiskaltzaren idatziak dioenez, manifestazioaren eskaria "mundu erradikalaren inguruko hainbat kidek" egin zuten, eta hurrengo egunetan Batasuneko hainbat kidek egin zuten bertara joateko deialdi publikoa. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailari ere kritika egiten dio Fiskaltzaren kereilak, "ez baitzuten ezer esan, eta manifestariak inolako eragozpenik hasi zirelako bidea egiten".

Fiskaltzaren ustez, Arkaitz Otazua "behin eta berriz ekarri zuten gogora", eta hori hala dela baieztatzeko Aita Donostiako zubiltik zintzilikaturiko'agur eta ohore gudari gaztea' zioen pankarta erabiltzen du. Lau kereilatu horien izenez gain, Joseba Permach, Rafa Diez, Xabi Larralde, Joserra Etxebarria, Txomin Ziluaga, Tasio Erkizia, Periko Solabarria, Itziar Aizpurua eta Jose Mari Olarraren izenak jasotzen ditu kereilak.

Horrez gain, manifestazioak iraun zuen bitartean, Otazuari lore eskaintza bat egin ziotela dio Fiskaltzak, 'Gora ETA' eta 'Arkaitz gudari' oihuak entzuten ziren bitartean. Manifestazioa udaletxera iritsi zenean, Otegik hartu zuen hitza, eta 'Gora eusko gudariak' esan zuela nabarmentzen du, eta Otazuaren irudia "goratu" zuela.

Kereila jaso duten hiru parlamentarioak dira Eusko Legebiltzarrean, eta inputatu gisa deklaratzera joateko deia egiten du Fiskaltzak, eta baita "kereilan aipatzen diren beste guztiak ere".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.