EAEko lanbide heziketako tituludunen %58k lana dute ikasketak amaitzean

Emakumeek denbora gehiago behar dute lana aurkitzeko, eta soldata apalagoa kobratzen dute oraindik ere

Maite Asensio Lozano.
2008ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Lan munduari begira, LH lanbide heziketa da trebakuntza molde lehiakorrena. Hala adierazi zuen atzo Juan Jose Loroño Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 2006ko tituludunei buruzko datuetan oinarrituta. Izan ere, ikasle haien 57% lanean ari ziren ikasketak amaitzean, eta %68 handik bederatzi hilabetera. Halaber, 2005eko datuekin alderatuta, enplegu tasa 5,5 puntu igo zela nabarmendu zuen Loroñok.

Enpleguaren kalitateari dagokionez, tituludunen %79k taxuzko enplegua dute, hots, gutxienez sei hilabetez eta astean hogei orduz, baina %13,4k baino ez dute kontratu mugagabea. Halaber, enpresa txiki eta ertainetako lanpostuen %70k LHko prestakuntza eskatzen dutela dio Loroñok. Hain zuzen, enpresa pribatuek egiten dituzte kontratazioen %92.

Emakumeak, okerrago

Emakumeek LHn duten presentzia «eskasa» dela eta, «aldaketa kultural eta soziala» abiatzeko eta emakumeak LHra hurbiltzeko beharra azpimarratu du Loroñok. Baina LH egiten duten emakumeen egoera gizonena baino okerragoa da oraindik. Esate baterako, emakumeen enplegu tasa %65ekoa da; gizonena %70,2koa. Halaber, emakumeek 38 egun behar dituzte batez beste lana aurkitzeko, gizonek baino 11 egun gehiago. Emakumeen zein gizonen soldatek gora egin duten arren (batez beste 948 euro kobratzen dute hilean), emakumeek gizonek baino %20 gutxiago kobratzen dute, 834 euro batez beste. Izan ere, 2006ko emakumezko tituludunen %84k zerbitzuen sektorean egiten zuen lan inkesta egitean; Loroñoren ustez, horrek eragin zuzena du emakumeen soldatarekin eta lanaldiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.