"Biztanleria landuna izugarri zahartu da". Hori da EHUren Euskadi Lan Txostenean ageri den ondorioetako bat. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan, lanean ari zirenen %46k 45 urte baino gehiago zituzten. 2007an, %36 ziren.
Azken zazpi urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan merkatua nola aldatu den aztertu du BER Prestakuntza eta Ikerketa Unitateak, Sara de la Rica katedradunak zuzenduta.
Landunen artean %46 dira emakumeak. "Badirudi gutxi falta dela sexu berdintasunera iristeko". Bada nabarmentzeko beste aldagai bat ere: unibertsitate mailako ikasketak dituztenek gero eta presentzia handiagoa dute lan merkatuan. %34tik %54ra pasatu dira. "Oinarrizko ikasketak dituztenak praktikoki desagertu egin dira okupatuen taldetik".
Enplegu motari dagokionez, hamarretik zazpi zerbitzuetan aritzen dira, eta industriako okupatuak %24tik %20ra murriztu dira. Kontratu partziala dutenak %16,6 dira, 2007an baino lau puntu gehiago. "Lanaldi partziala epe luzera konponbide ona izan dadin, beharrezkoa da borondatezkoa izatea, langileak erabakitakoa".
Urtebetetik gora langabezian
Landunena bezala, langabeen soslaia ere aldatu da azken zazpi urteotan. Egun, gehiago dira gizonak. Aipatzekoa da hamar langabetik zazpik urtebete baino gehiago daramatela enplegu bila; 2007an, hamarretik lau ziren.
Txostenak dio aurtengo hirugarren hiruhilekoan soilik 200 enplegu sortu direla; krisia hasi aurretik, ia 2.000 sortu ziren epe berean. "Halere, esan daiteke iritsi garela enpleguaren suntsiketa garbiak hondoa jo duen puntura".