POLITIKA

EAEko PPk "batuta" hasi du kongresua Donostian, tentsioak "gaindituta"

Quiroga presidentetzan berresteko gaurko bozketak erakutsiko du azken uneko aldaketek zenbateko babesa duten.

Quiroga eta Llanos, atzo. J. C. R., ARP
Arnaitz Lasarte.
2014ko martxoaren 8a
13:53
Entzun

EAEko PPk atzo iluntzean hasi zuen alderdiaren 14. kongresua, Donostiako Kursaalean. "Alderdia batuta iritsi da kongresura". Nerea Llanosenak dira hitzak. Ezusterik ezean, alderdikideek gaur izendatuko dute Llanos EAEko PPko idazkari nagusi. Atzo goizean Eusko Legebiltzarreko sarreran egindako adierazpenetan, hark onartu du Iñaki Oiartzabal ordezkatzeko prozesuak "tentsioa" sortu duela. Haren esanetan, ordea, kongresuen aurreko prozesuetan "beti" daude tentsioak, baina "orain ere" gainditu egin ditu alderdiak. Arantza Quiroga presidentetzan berresteko bozketan ikusiko da azken unean egindako mugimenduek zenbateko babesa duten alderdikideen aldetik.

Izendapena "ustekabean" hartu du Llanosek. Quirogak herenegun bertan eman zion asmoen berri. Llanosek azaldu duenez, ez zuen zalantzarik izan proposamena onartzeko: "Prest nago alderdiak behar nauen lekuan lan egiteko". Halaber, gogoan izan du gaurko batzarrean alderdikideen onespena jaso behar duela. Dena "ondo" joatea espero du, «akordioa» lortzea eta alderdia «indartuta» ateratzea. "Tentsioak sortzea ez da txarra. Horrek erakusten du gure artean elkarrizketak daudela. Arraroa litzateke denek berdin pentsatzea".

Quirogak herenegun aurkeztu zituen alderdiaren egiturak izango dituen berritasunak. Llanos bizkaitarra izango da idazkari nagusi berria, eta hiru presidenteorde izango ditu aurrerantzean. Hain zuzen ere, lurralde bakoitzetik bat. Bizkaiko PPko presidente Antonio Danboreneari Arabako eta Gipuzkoako presidenteak batuko zaizkio: Alfonso Alonso eta Borja Semper. Bestetik, idazkariorde nagusia ere izango du alderdiak: Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia. Bozeramaile karguan Laura Garridok hartuko du Leopoldo Barredaren lekua.

Oiartzabal orain arte idazkari nagusi izandakoak ere eman du iritzia alderdiko aldaketei buruz. Uste du idazkari nagusiaren izendapenarekin sortutako "nahaspila" ez zela "beharrezkoa". Haren arabera, gauzak ez dira "ondo" egin, baina arazoari "denboraz aurre egiten" asmatu dute. Antonio Basagoitik 2008an aukeratu zuen Oiartzabal idazkari nagusi kargurako, eta joan den otsailean iragarri zuen Quirogak hura kargutik kentzeko erabakia. Oiartzabalek onartu du EAEko PPko buruak ez duela zertan karguan "mantendu". Haren ustez, ordea, Quirogak azaldu behar du berak zuzendaritza taldean zergatik ez duen jarraitzen.

Laura Garrido bozeramaile berria Llanosen ildo beretik mintzatu da. Garridoren esanetan, alderdia "indartuta" aterako da Kursaaleko kongresutik. EAEko PPk lehen ere "oso garai zailak" gainditu izan dituela dio, eta beti jakin izan duela unean uneko egoerara erantzuten.

Rajoy eta Cospedal, gaur

Lehen saioa atzo egin zuten, eta kongresuaren egun nagusia gaur dute PPko kideek. Bertan izango dira, besteak beste, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea eta Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia. Cospedalek 10:30ean emango du hitzaldia. 12:30ean, Quirogak EAEko PPko presidentetzarako hautagaitza aurkeztuko du. Horren ondoren egingo dira bozketak, eta 16:00etan emango dute emaitzen berri. Kongresua Rajoyren hitzaldi batekin amaituko da.

PPko agintariak Donostian direla baliatuta, lagun ugari bildu zen atzo arratsaldean Kursaalaren atarian, abortuaren legearen aurka protesta egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.