EAEko sindikatu nagusiek ez dute gainditu herritarren azterketa

ELAk jaso du puntuaziorik hoberena, nahiz eta ez den iritsi hamarretik bosteko mailara

Miren Garate.
2008ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrak ez daude gustura sindikatu nagusiek egiten duten lanarekin. Eusko Jaurlaritzak sindikalismoari buruz egindako ikerketaren arabera, zerotik hamarrera arteko eskalan, haietako inork ez du gainditu. Hala ere, herritarren %43k esan dute badutela konfiantza sindikatuekin; Europako batez bestekoa baino zertxobait handiagoa da kopuru hori.

Inkestan parte hartu duten gehienen iritziz, azken bost urteotan sindikatuek galdu egin dute lan baldintzak defendatzeko gaitasuna, batez ere CCOOk eta UGTk. Hala, ELAk jaso du baloraziorik onena: hamarretik 4,4ko puntuazioa eman diote. CCOOketa LABek 3,9koa dute, eta UGTk 3,7koa. Sindikatuetako buruei dagokienez ere, ELAko Joxe Elorrietak eta LABeko Rafa Diezek izan dituzte emaitzarik onenak, horiek ere bosteko mailara iritsi ez diren arren. Dena den, herritarren artean ezagunagoa da UGTko Candido Mendez.

Oro har, soldatapeko langileek sindikatuen inguruan iritzi hobea dute, soldatapekoak ez direnek baino. Baina batzuk zein besteak ados daude hainbat puntutan: sindikatuak soldatez eta lan baldintzez soilik arduratzen direla, beren afiliatuak eta langile finkoak direnak bakarrik babesten dituztela eta sindikatuei esker lan baldintzak hobetu egin direla.

Era berean, herritarren iritziz, sindikatuek gehiago inplikatu behar lukete emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde, elkarrekin lan egin behar lukete, alderdi politikoekiko independente izan behar lukete eta arrazismoaren aurkako kanpainetan ere gehiago parte hartu beharko lukete.

Hauteskunde sindikalak izan ohi dira langileek sindikatuekin duten konfiantzaren neurgailurik onenak. Bada, %66k adierazi dute azken bozetan ez zutela botorik eman. Eman zuten gehienek ELAren alde egin zuten, %40k hain zuzen; CCOOren alde bozkatu zuten %18k; LABen alde, %17k; eta UGTren alde, %12k.

Inkestaren emaitzen arabera, egun langileen %29 daude afiliatuta: horietatik %34 ELAn, %19 CCOOn, %14 UGTn, %12 LABen eta %13 beste sindikatu batzuetan. Gehienek hiru urtetik bederatzira artean daramatzate kide izaten, eta norbere sindikatuaren funtzionamenduarekin gustura daudela adierazi dute. Dena dela, %53k esan dute inoiz ez dutela pentsatu gaiari buruz, eta horregatik ez direla inongo kide; enpresan inolako jarduera sindikalik ez egotea izan da ez afiliatzeko beste arrazoietako bat.



LAN BALDINTZEKIN GUSTURA. Sindikatuei buruzko iritziak ez ezik, lan baldintzei buruzkoak ere jaso dituzte txostenean. Hala, soldatapeko langileek batez beste 6,9ko nota eman diote egun duten lanari. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen hiru laurdenek lan kontratu mugagabea dute, %22k aldi baterakoa, eta %3 kontraturik gabe ari dira lanean. Langile gehienek 35-45 orduko lanaldia dute, eta hilean 600 euro eta 2.100 euro bitarteko soldata garbia jasotzen dute. Emakumeek, gazteek, enpresa urte gutxi daramaten langileek eta enpresa txikietan aritzen direnek dituzte lan baldintza okerrenak.

Lan hitzarmenei dagokienez, langileek batez beste 5,2ko puntuazioa eman diote norberarenari.Soldatapeko langileen erdiak dio azken urtebetean gutxienez bilera edo batzarren bat egin dela enpresan, eta horietatik %69k parte hartu izan dute haietan. Horrez gain, soldatapekoen laurdenak harremanak izan ditu ordezkari sindikalarekin lan arazoren bat dela eta.



ZenBaKIa

%29

AFILIATU KOPURUA. Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketaren arabera, langileen %29 daude afiliatuta: horietatik%34 ELAn, %19 CCOOn, %14 UGTn,%12 LABen eta %13 beste sindikatu batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.