gizartea

EAEko transexualen elkarteko presidentea gose greban hasi da, ebakuntzak egiteko aukerarik ez dutelako

Andrea Muñiz Celestinok jakinarazi du elkartea 2002tik ari dela ebakuntzetarako unitatea eskatzen, eta bera hogei urtean dagoela zain. Gutuna helarazi dio, besteak beste, Patxi Lopezi.

2009ko irailaren 22a
19:30
Entzun
Andrea Muñiz Celestino EAEko transexualen elkarteko presidenteak gose greba mugagabeari ekin dio gaur, transexualek ebakuntzak egiteko aukerarik ez dutela protestatzeko. Dena dela, bere osasunagatik -liseriketarako aparatu bat falta zaio-, egunean jatordu bat egitera behartuta dagoela adierazi du eta gehienez zazpi egun iraun ditzakeela. 39 urte dauzka.

Eusko Jaurlaritzak iazko irailean zioen Gurutzetako erietxean (Barakaldo, Bizkaia) pertsona transexualei ebakuntzak egiteko unitatea jarri zuela, baina Muñizek salatu du halakorik ez dagoela. Elkartea 2002tik ari da unitatea eskatzen, eta presidenteak berak jakinarazi du hogei urte daramatzala ebakuntzaren zain eta bere kasuaren berri eman ziola Jaurlaritzari aurtengo otsailean.

Muñizek gutuna helarazi die Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariari, Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Gizarte Gaietako sailburuari, Rafael Bengoa Osasun sailburuari, Iñigo Lamarca EAEko arartekoari eta Enrique Mugika Espainiako Estatuko arartekoari.

"Erabaki hau ez da erronka edo pultsua. Desesperazio kontua da, erabaki dramatikoa", dio eskutitzean EAEko transexualen elkarteko buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.