Klima larrialdia

EAEn 40 proiektu eta ekintza egingo dituzte klima larrialdira egokitzeko eta hura arintzeko

Berotegi efektua eragiten duten gas isuriak 2030erako %40 murriztea da helburua. Horretarako, 19,8 milioi euro inbertituko dira.

Programaren aurkezpena, gaur goizean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2019ko abenduaren 4a
07:31
Entzun

Urban Klima 2050 Life proiektu integratuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa klima larrialdira egokitu nahi ditu. Horretarako, 40 ekintza eta proiektu jarriko dituzte martxan, berotegi efektua eragiten duten gasak 2030erako %40 murrizteko. Gaur, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak proiektua aurkeztuko du Bilbon. Horren bidez, hiriguneek duten eragina ikertuko dute, baita ekintzek nolakoak izan behar duten eta non eta noiz egin behar diren ere. 19,8 milioi euro inbertituko dira horretan, eta %51 Europako Batasunak finantzatuko du. «Klimaren aldeko proiekturik handiena» dela esan du Eusko Jaurlaritzak, eta klima larrialdiaren inguruan «esperientzia handia» daukaten hogei enpresaren esku egongo dela aurreratu dute.

Ekintza zehatzak egingo dituzte, eta hiru eremutan egongo dira zentratuta: kostaldea, ibaietako arroak eta hiriguneak. Bertan, kaltetuta dauden eremuak berreskuratuko dituzte: bizikleta elektrikoen sare publikoak martxan jarriko dituzte Araban eta Urdaibain; mahastien inausketaren hondakinak erabiliko dituzte Arabar Errioxan biomasa modura; naturan oinarritutako irtenbideak bilatuko dituzte hiru hiriburuetako hiriguneetarako; eraztun berde bat egingo dute Debabarrenean: sistema hidrotermal bat jarriko dute Urdaibain; autokontsumoa sustatuko dute Donostian; uholdeak eragozteko neurriak ezarriko dituzte Bakion (Bizkaia), Donostian eta Araban; eta Lagako (Ibarrangelu, Bizkaia) hondartzaren leheneratze integrala bilatuko da. Gainera, zentro bat eraikiko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako klima larrialdiarekin zerikusia duten datu guztiak eta informazioa koordinatzeko.

Arriolak azpimarratu du Europako Batasunak horrelako proiektu bakarra onartzen duela deialdi, arlo eta herrialde bakoitzeko, baina salbuespen bat egin duela: «Espainia mailan Life integratu bat badagoen arren, klima aldaketa mugatzeko eta horretara egokitzea, hain zuzen Nafarroan, salbuespen bezala Euskadik egindako proposamena ere onartu egin du».

Ihobeenpresa publikoak gidatuko du proiektua, eta hogei enpresak parte hartuko dute: hiru lurraldeetako foru aldundiek; Bilboko, Gasteizko, Donostiako, Bakioko, Bermeoko, Gernikako (Bizkaia) eta Zarauzko (Gipuzkoa) udalek; Eusko Jaurlaritzako eta udaletako hainbat sozietate publikok; ikerketako eta teknologiako zentro batzuek (Azti, Bc3, Neiker, Tecnalia eta Tecnun) eta Naturklima fundazioak. Horiek 625 milioi euroko ekarpena egingo dute, klima larrialdira egokitzeko eta hori arintzeko.

Gaur aurkeztu duten proiektuak Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari klima larrialdiaren ondorioak arintzen lagunduko dieten neurriak proposatu eta gauzatzea du helburu. Hori lortzeko, hainbat erronka ere ezarri dituzte: zeharkako ekintzak sortzea, erresilientzia tresnak hirietan eta herrietan sartzeko; administrazioa eredugarri izatea lortzea klima larrialdiaren aurkako borrokan; ekintza berritzaileak egitea, interesatzen den eremuetan ezartzeko; ezagutza sortzea, erabakiak hartzerakoan erabiltzeko; parte-hartze prozesuak egitea, funtsezkoak diren eragileekin eta herritarrekin konponbideak diseinatzeko; eta herritarrak ahalduntzea lortzea, ingurumenarekin konpromiso iraunkorra izan dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.