Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 16 urte baino gehiagoko biztanleen %32k euskaraz eta gazteleraz dakite (2006an, %30ek); hau da, 600.050 elebidun daude EAEn, gaur Eusko Jaurlaritzak esan duenez. Esate baterako, 1991n baino 181.000 gehiago daude. Haren arabera, euskaraz ulertzeko gai dira herritarren beste %17,2, eta %50,8 erdaldun elebakarrak dira.
Azken inkesta soziolinguistikoaren berri eman du Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Oraingoz, ordea, Araba, BIzkai eta Gipuzkoako datuak soilik jakinarazi dituzte. Datu bilketa iazko ekainean eta uztailean egin zuten; 4.200 inkesta egin zituen Siadeco enpresak. Hurrena emango dituzte Nafarroako datuak, eta Lapurdiko, Nafarroa Behere eta Zuberoakoak bi hilabete barru edo.
Inkestaren arabera, 16 urtetik 24ra arteko lagunen artetik %%60 da euskalduna, duela hogei urteren aldean bikoitza.
Beste datu batzuk: 16-34 urtekoen artetik erdiek pasa etxetik kanpo ikasi dute euskara, gero eta txikiagoa da etxean euskara erabiltzen duten elebidunen proportzioa (%51), euskararen erabilera sustatzearen alde %62 daude eta 1991n %55 (kontra %12; duela hogei urte, %14).
Gipuzkoak segitzen du EAEn herrialderik euskaldunena izaten: herritarren %49,9 dira euskaraz hitz egiteko gai (2006an, %49,1), eta beste 16,4k ulertu egiten dute.
Bizkaian %56,8 ez dira gauza euskaraz hitz egiteko. Euskaldunak, inkestak dioenez, %25,4 dira (2006an, %23).
Araba da erkidegoko herrialderik erdaldunena, baina han ere lehen baino elebidun gehiago dago: 16,8k dakite euskaraz (2006an, %14,2k). Dena dela, han jaitsi egin da euskaraz hitz egin ez baina ulertzen dutenen kopurua (%20tik %16,8), eta erdaldunena, handitu (%65,8tik %66ra).