EAEn euskarazko zerbitzurik eskaintzen ez duten denda eta enpresek ez dute isunik jasoko. Hala erabaki du gaur Eusko Legebiltzarrak, PSE-EE, PP eta UPD alderdien aldeko botoekin. Orain arte, legeak zigorrak zehazten zituen zerbitzuak bi hizkuntzetan eskaintzen ez zituzten enpresentzat.
EAJk, Aralarrek, EAk eta EBk gaitzetsi egin dute, kontsumitzaileek zerbitzuak bi hizkuntzetan jasotzeko duten eskubidea urratzen delako.
Dekretua 2008an onartu zen, eta 3.000 eta 6.000 euro bitarteko isunak aurreikusten zituen zehaztutako betekizunak urratzen zituzten enpresentzat. Gaur onartutako proposamenak isun horiek deuseztatzen ditu; ez, ordea, bi hizkuntzak erabili beharra. PPk eta UPDk sozialisten aurka jo dute, "auzia errotik ez aldatzeagatik" eta "askatasuna baldintzatzen" duten elementuak ez ezabatzeagatik.
Iñaki Oiarzabal PPko kideak euskararen erabilera babestu du, "jazarpen eta esku hartzerik" gabe, betiere, alor pribatuan. Hala, "nazionalismoak enpresa eta dendetan inposatutako neurri hertsigarriak" salatu ditu.
Ildo horretan, Gorka Maneiro UPDko kideak ere kontsumitzaileen hizkuntz eskubideak mugatzea eskatu du, administrazioak enpresei euskaraz hitz egiten derrigortzea "estatua alor pertsonalean sartzea" delako.
Gainontzeko alderdiek adierazi dute aldaketa hau euskararen normalizazioaren kontrakoa dela eta euskararen atzerakada ekarriko duela. Mikel Arana Ezker Anitzako kidearen esanetan, proposamena euskararen aurkako "kolpe bat gehiago da".