politika

EAEn neurri ekonomikoak ezartzean "koordinazioa eta adostasuna" lortzeko bildu dira EAJ eta PP

Urkulluk eta Basagoitik euren arteko lehen batzar ofiziala egin dute gaur, baina Egibarrek garrantzia kendu nahi izan dio.

2010eko ekainaren 7a
12:28
Entzun
EAJ eta PP, batik bat, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hartutako neurri ekonomikoei buruz aritu dira gaur bien arteko bileran, eurek esan dutenez. Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi du EAEn neurriak Jaurlaritzaren, aldundien eta udalen artean "ahal den koordinatuen" ezarri beharko lirateekela eta, hala, politika publikoen kontseilua sortzeko proposamena egin du.

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak ere garrantzia eman dio neurri ekonomikoen inguruan "ahalik eta adostasun handiena" izateari, eta aldundien eta udalen zeregina azpimarratu du.

9:30ean hasi dute batzarra, Bilbon, PPren egoitzan, eta ordu eta erdiz egon dira. EAJtik Andoni Ortuzar Bizkaiko Buru Batzarreko presidentea ere izan da.

Egibarrek garrantzia kendu nahi izan dio EAJ-PP bilerari

Urkulluk eta Basagoitik euren arteko lehen bilera ofiziala egin duten arren, Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako Buru Batzarreko buruak garrantzia kendu nahi izan dio batzarrari. "Normaltasunaren barruan sartu behar da". Halaber, Egibarrek gogoratu du PPk PSE-EErekin duela akordioa EAEn -Patxi Lopez sozialistak horri esker lortu zuen iaz Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza-, eta hitzarmen hori zabaltzen saiatuko direla hurrengo urteko hauteskundeetan, "abertzaleak kendu eta euskal hauteskunde mapa kontrolatzeko".

"Formak aldatu egin ditu PPk, baina bere estrategia politikoa lehengo bera da", adierazi du Egibarrek gaur goizean Radio Euskadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.