Politika

EAErako estatus politiko "burujabea" proposatu du EH Bilduk

EAEko estatus politiko berrirako proposamena erregistratu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. Azken helburua euskal estatua sortzea da, bide konfederal batetik. Euskal Herriko errealitate instituzional, politikoa eta soziala aintzat hartuko duten hiru prozesu eratzailetatik abiatuta egin nahi du koalizioak.

EH Bilduko hautetsiak, ostegunean, Legebiltzarrean. DAVID AGUILAR, EFE
edurne begiristain
2017ko urriaren 16a
08:02
Entzun

EH Bilduk gaur goizean erregistratu du Eusko Legebiltzarrean EAErako duen estatus politiko berrirako proposamena. Koalizioaren azken helburua Euskal Errepublika Konfederala sortzea da, beti ere hala erabakitzen badute EAEko herritarrek batetik, Nafarroakoak bestetik eta Ipar Euskal Herrikoek bestetik. Erabaki hori eremu administratibo bakoitzari egokituko zaiola dio proposamenak.

EAEri dagokionez, hainbat oinarri eta printzipioren gainean lortu nahi du EH Bilduk estatus politiko berria. Batetik, Euskal Herriaren nazio aitortza onartzea eskatu du EH Bilduk. Euskal Herriak, nazio den heinean, bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea duela uste du, eta EAEk, nazio horren partaide izanik, "bere burua antolatu eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen subjektu politikoa" dela dio. Herritarren borondate demokratikoak izan behar du muga bakarra Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzerakoan, dio koalizioak: "Legalitatea herritarren borondatearen menpe jarri behar da, ez alderantziz". Autoeraketa eta autoantolaketa printzipioa ere proposatu ditu EH Bilduk, hau da, prozesu eratzailean EAEk, Nafarroak eta Iparraldeak beren fase eta abiadurak izatea.

Estatu egiturak sortu eta horiek indartu eta edukiz betetzearen aldekoa da EH Bildu, eta botere banaketari dagokionez, ohiko hiru botereak–legegilea, betearazalea eta judiziala– "burujabetza osoaren norabidean" jartzea proposatu du.

Prozedurari dagokionez, bi fase aurreikusten ditu koalizioak estatus berria onartzeko. Lehen fase batean, Eusko Legebiltzarrak estatus politiko berriaren oinarriak adostu eta onartuko lituzke, eta testu hori herritarren esku jarriko litzateke kontsulta "habilitante" baten bidez. Herritarrek oniritzia emanez gero, bigarren faseari ekingo litzaoke. Bigarren fase horretan negoziazio prozesu bat irekiko litzateke Espainiako Gobernuarekin, EAEko herritarrek erabakitakoa nola eta zein epetan gauzatuko den adosteko, beti ere Estatuari "beto eskubidea" eman gabe. Madrilek ezezkoarekin erantzungo balu, EAEko alderdi eta eragileen artean burujabetzarako bide propioa zehaztea eta adostea nahiko luke EH Bilduk, "Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren borondate demokratikoa betetzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.