EAErentzat zein eredu duten azaltzeko eskatu die EAJk PSE-EE, PP eta EH Bilduri

Ortuzarrek salatu du «independentziaren bandera» daramala EH Bilduk baina ez duela esaten nola lortuko den

Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
EAErentzat zein eredu proposatzen duten «mahai gainean jartzeko» eskatu die EAJko Bizkaiko zerrendaburu Andoni Ortuzarrek EH Bilduri, PSE-EEri eta PPri, gutxieneko adostasun batzuk lor litezkeen ikusteko. Izan ere, Ortuzarrek uste du gaur egungo estatus politiko-juridikoa XXI. mendera egokitu beharra dagoela. «Guk Euskadi nazioa Europan nahi dugu», azaldu du.

Argitzeko eskatu dio EH Bilduri ere: «Lau lurraldetako estatututik —Loiolan hiru herrialdetakoa zena, Nafarroarekiko lehentasunezko harremanekin— independentziaren bandera hartzeko pausoa eman du, baina ez du esaten nola». Jarraian, Orutazarrek ziurtatu du EAJk baduela bere proiektua eta metodologia: «Euskal herritarren arteko akordioa eta Espainiarekiko harreman irizpide argiak, euskal herritarrek erabakitakoa errespeta dadin».

AHTa, «giltzarria»

Abiadura handiko trena ere aipatu du Ortuzarrek, eta berretsi du EAE ari dela aurreratzen lanetarako dirua, kupo bidez. «Ziurtasun osoa dugu diru hori izango dugula», gaineratu du. Izan ere, EH Bilduk EAJ kritikatu izan du AHTaren inguruko jarreragatik, eta lanak etetea ere galdegin du koalizioak. Ortuzarrek erantzun du «giltzarria» dela azpiegitura hori Europarekiko harremanean, eta lanpostu ugari sortzen duela, gainera: «Nora bidaliko ditu Bilduk langile horiek? Non kokatuko ditu? Gipuzkoan zaborrontziak banatzen?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.