Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Bizikidetza idazkariak Herenegun hezkuntza programari buruzko azalpenak eman ditu gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean. Sortutako polemika guztiaren ostean, programari buruzko xehetasunak eman dituzte Fernandezek berak, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak, eta programan aholkulari gisa aritu diren Juan Pablo Fusik, Mari Carmen Garmendiak eta Mariano Ferrerrek.
Fernandezek adierazi du unitate didaktikoaren helburua dela gazteek "iraganaren analisi kritikorako gaitasuna" izan dezatela, eta ez dela "instrukziorik eta adoktrinamendurik" eman nahi. Azaldu du materialak "funtzesko helburu etikoa" daukala eta iraganean pairatutako indarkeriaren deslegitimazioaz "kontzientzia kritikoa" sustatu nahi duela. Bere ustez, programak sortu duen polemikak erakusten du iraganak "min" egiten duela eta lan asko geratzen dela oraindik egiteko. Horregatik, programa "hobetu" aldera, kontsentsuak bilatuko dituela adierazi du. Jaurlaritzak ekarpenak jasoko ditu orain, eta apirilean 8 ikastetxeetara eramango du programa piloto modura.
Unitate didaktikoa osatzen lagundu duten adituek, bestalde, egindako lanarekin identifikatuta sentitzen direla azpimarratu dute. Mari Carmen Garmendiak azpimarratu du "pluraltasun handienarekin" lan egiten saiatu direla giza eskubideak oinarri hartuta eta saiatu direla "oreka" batera iristen. Mariano Ferrerek, berriz, nabarmendu du "askatasun osoa" izan dutela lana egiteko. Fusik unitatearen ikuspuntu "historiografikoa" defendatu du eta erantsi "egiaren perspektiba" jasotzen duela.
Taldeen txandan, kritikak entzun behar izan ditu Fernandezek. Kritika gogorrenak EH Bildutik eta PPtik jaso ditu Jaurlaritzak. EH Bilduk adierazi du ez duela bere burua identifikatuta ikusten ekimen horretan eta erretiratzeko eskatu dio Jaurlaritzari. Programan "irakurketa politiko, ideologiko eta subjetiboa" egiten dela salatu du Julen Arzuagak eta "kontakizun interesatua" egitea leporatu dio gobernuari. EH Bilduk ez diola ekarpenik egingo iragarri du Arzuagak.
Programak "hutsune ugari" dituela salatu du PPko Borja Senperrek, besteak beste, ETAren indarkeriaren larritasuna "urtuta" agertzen delako eta biktima guztiak maila berean jartzen dituelako.
Jeltzaleak bakarrik geratu dira unitate didaktikoaren defentsan, sozialistek eta Elkarrekin Podemosek ere uste dutelako zer hobetu eta zer aldatu baduela programak.