EAJ (Donostia): "Bulebarra okupatu dute, eta Donostiako alkateak beste leku batera begiratu du. Egoera ezohikoa eta onartezina izan da azken egunetakoa, erabat kafkiarra, eta udal gobernua ez da behar zuen mailan egon. Izagirre da sortu den egoeraren erantzule, eta azalpenak eman beharko ditu. Ertzaintzak lan zaila izan du, baina neurriz aritu da, eta emaitza ona izan da. Donostiarrok ezin gara egon azken egunetan pairatu dugun egoerak menperatuta".
Lokarri: "Bizikidetza eraikitzeko oinarri funtsezkoetako bat da pertsona guztiei bizitza politiko eta sozialean parte hartzeko askatasuna eta segurtasuna bermatzea. Urte askotan ikusi dugu eskubide hori urratua izan dela indarkeriaren eta bazterketaren bidez. Gaur atxilotutako lagunak erakunde politiko bateko jardunagatik soilik kondenatu dituzte. Zigor hau oinarrizko eskubideen urraketa da".
Herrira mugimendua: "Espetxeak husteko garaia den sinesmen osoa dugu, eta ez orain gertatu den bezala espetxeak betetzeko. Euskal gizartearen gehiengo zabalaren nahia da konponbide eta bakea erdiesteko urratsak egitea; horrelako egoerak, aldiz, oztopo baino ez dira bide horretan".
Idoia Mendia (PSE-EE): "Antzerki handi horrek ez du ezertarako balio. Oso mezu nahasgarria bidaltzen du. Justiziarekin zerbait zintzilik baldin baduzu, aurkeztu egin behar duzu zeure burua. Horrelako agerraldiek ez diote laguntzen ezertarako klima politikoari".
Antonio Basagoiti (PP): "Batasunaren aurka irmoagoa izanda, lehenago lortuko da bakea. Ertzaintzak gehiago atxilotu eta irmoago jokatzen badu, are gehiago pentsatuko du Sorturi estalkia ematen ari zaion jendeak".
Alternatiba: "Elkartasun aktiboa eta ez-biolentziarekiko konpromisoa agertu dute erresistentzia zibilaren bitartez, eta auzi honetan bakoitzaren kokapena agerian utzita. "Deitoragarria da Iñigo Urkulluren gobernuak erakutsitako jarrera, berriz ere jarri baitu Ertzaintza bakea zein normalizazio politikoa oztopatzeko asmoa besterik ez duen Espainiako Erresumako Gobernuaren borondatearen zerbitzura". Oskar Matute bozeramaileak txalotu egin du ehunka lagunek erakutsitako "erresistentzia baketsua, herri duintasuna eta elkartasuna".