Iruzurra Osakidetzan

EAJ: "Edozein arrakala txiki puzten du oposizioak, baina ez da hain larria"

Filtrazioak "espezialitate batzuetan bakarrik" gertatu direla arguditatua, Osakidetzako ustezko iruzurrari garrantzia kendu dio Luis Javier Telleria legebiltzarkide jeltzaleak. EH Bilduk nabarmendu du "neurriz kanpokoa" dela EAJko kideek oposizioaren kritiken aurrean agertu duten jarrera.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jon Darpon Osasun sailburua, otsailean, Retuertoko osasun zentroa inauguratzen. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2019ko martxoaren 16a
08:40
Entzun

Espainiako Gorteetarako eta udal eta foru erakundeetarako hauteskundeen atarian, Eusko Jaurlaritzako gobernuaren eta oposizioko taldeen arteko tentsioa areagotu du Osakidetzako ustezko iruzurren aferak. Oposizioa "mendekati eta narrats" ari dela eta "suntsitzeko bakarrik" elkartzen dela salatu zuen ostegunean EAJren EBBko buru Andoni Ortuzarrek, eta bide beretik jo du gaur Luis Javier Telleria legebiltzarkide jeltzaleak ere: EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP "higatze estrategian" ari direla esan du, Radio Euskadiko tertulia batean: "Jazarpen eta eraiste operazio bat egon da". Gainerako taldeek "neurriz kanpokotzat" jo dituzte jeltzaleen adierazpenak, baita EAJren gobernukide den PSEk ere.

Telleriaren esanetan, aurrekontuak ez onartzea izan zen "eraiste estrategia" horren lehen pausoa, eta oposizioko taldeek Osakidetzako afera "baliatu" dute gero bide horretan jarraitzeko. "Darponek bakarrik dimititu du gobernuari kalterik ez egiteko. Ez ezer gaizki egin zuelako", esan du EAJko legebiltzarkideak: "Lan eskaintza publiko batean filtrazio bat egon den susmoa badago, hori larria da. Baina postu batzuetan bakarrik gertatu bada, ez da hain larria. Eta espezialitate batzuetan bakarrik gertatu da [...] Funtzionarioek egiten duten guztiaren arduradun dira kargu politikoak? Hemen ez dago kargu politikorik inplikatuta". Hala, Telleriaren iritziz, "edozein arrakala txiki hartu", eta hura "puztea" da oposizioaren estrategia: "Baina ez da hain larria".

EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovaren iritziz, ordea, "neurriz kanpokoa" izan da jeltzaleen erreakzioa. EAJk "distrakzio operazio" bat jarri du martxan orain, Casanovaren esanetan: "Darpon ez da gai izan oposizioetan iruzur bat eragozteko, eta gero, behin hura deskubrituta, ezta ikerketa baten buru egiteko ere". Lan eskaintza publikoak "ia antzerki huts" bihurtu izana salatu du EH Bilduko kideak, eta azaldu du "nahikoa denbora" eman diotela gobernuari erreakzionatzeko. Casanovak esan du Cristiano Ronaldo sindromea duela EAJk: "Golak egiten ditu, tituluak irabazi, baina ez daki ez irabazten, ez galtzen [...] Borondatea badago akordioak egiteko, baina badirudik EAJk ez duela gaitasunik, prepotentziaz ari delako".

Elkarrekin Podemosko Jon Hernandezek ere Osakidetzako ustezko iruzurra "larria" dela oroitarazi du, "taktika klientelarrak" azalari dituelako. Oposizioaren kritikei EAJk emandako erantzuna "infantila eta kontraesankorra" dela salatu du, gainera: "Oposizioa higatze estrategian ari dela esan du, eta aldi berean, negoziazioaren aitzindari eta gidari dela gobernua. Bata edo bestea".

PSE: "Ortuzarren baieztapen batzuek ez dute zentzurik"

PSEko legebiltzarkide Eneko Anduezak ez du gehiego sakondu oposizioen gaian, baina esan du Darpon bera zela "interesatuena" ustezko iruzurra argitzeko. "Hori bai, uste dut baieztapen batzuek, Ortuzarrenek zehazki, ez dutela zentzurik. Espainiar erako oposizioa egiten ari direla esan du. Espainiar erakoa, edo euskal erakoa? Ez dut gogorarazi nahi zer oposizio egiten zuen EAJk PSE gobernuan zegoenean [Patxi Lopezen agintaldian: 2009-2012]".

Javier Ruiz de Arbulo PPko legebiltzarkideak, berriz, "higatze operazioa lehendakariak gidatua" izan dela adierazi du, eta azaldu du Darponek lau aldiz aurkeztu ziola dimisio eskaria Urkullu lehendakariari: "Hor matenden dute, denek zekitelako gauzak ez zirela ondo egin. Argitzeari uko egin zion, eta azkenean, fiskala salatu du". Ardura politikoak eta judizialak "nahastea" akatsa dela esan du Ruiz de Arbulok, baina "kudeaketa txarra" egin duela gobernuak, eta hori ezin zaiola oposizioari egotzi.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.