Udalen osaketa

EAJ eta EAri "herri borondatea errespetatzeko" exijitu diete bost herritako plataformek

Aizarnazabalgo Elkarlanean, Hernialdeko Herritarrei zabalduz, Irurako Ortzadar, Leaburuko Kimu berriak eta Itsasondoko Gu Geu herri plataformetako kideek EAJ eta EAri "herri borondatea errespetatzeko" exijitu die gaur Donostian, maiatzaren 25eko hauteskundeetan "herriak bozka eta konfidantza guri eman zigulako, nahiz eta Espainiako Auzitegi Gorenak gure zerrendak atzera bota". Gipuzkoako bost herri horietan herri kandidaturek atera zituzten boto gehien, baina "Espainiako legediaren arabera" EAJ-EA koalizioa atera zen garaile.

2003ko urriaren 3a
19:02
Entzun
Irurako Ortzadak taldeko Marimi Ugartek eta Leaburuko Kimu Berriak taldeko Joxe Kruz Goñik hitz egin dute bost herri kandidatura horien izenean. "Aurreko legealdian udalean ardurak izateaz aparte, gutariko batzuk aurtengo maiatzaren 25ean egin ziren hauteskundeetan hautagai izan gara, gure herrietan osatu ziren plataformen baitan. Hauteskunde horietan herritarren gehiengoaren bozka eta konfidantza lortu genituen, nahiz eta Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota gure zerrendak", adierazi du Marimi Ugartek.

Bost herri horietan beste hautagai zerrenda batzuk ere izan zirela gogoratu du Ugartek, EAJ-EA, PP eta PSOE, hain zuzen. "Ia kasu gehienetan, zerrenda horietako kideak ez ziren herrikoak, eta ez zuten herria ezagutzen", nabarmendu du Irurako alkategaiak. Bozka gehienak euren zerrendek eskuratu zituzten, "baina herri borondatearen aurka, EAJ-EA koalizioari eman zizkien gure udaletako emaitzak".

Udalak osatzeko unean, ordea, eta kasu batzutan aurretik ere, hautetsi karguari uko egin zioten EAJ-EA zerrendetan joan ziren kideek. "Jarrera logikoa da hori, hautetsi aulki horiek herri borondateak guri eman baitzizkigun", azpimarratu du.

Egoera jasangaitza

Egun horretatik aurrera "gure herriarentzat egoera jasangaitza" hasi zela esan du Leaburuko Kimu Berriak taldeko Joxe Kruz Goñik."Ez dugu EAJ-EAren berri gehiagorik izan, herria borondatearen araberako Udalak osatzeko aurrerapausurik ez dute ematen, gure herriekiko utzikeria nabarmena izan dute eta bide batez lehengo alkateak gaude funtziotan, baina jarduera normalizatua garatzeko ahalmena murriztu daukagu", azpimarratu du.

Hori dela eta, "EAJ eta EAri heri borondatea errespetatzeko" exijitzen dugu, "hau gauzatzeko formulak egon badaudelako eta horien berri oso ondo dakitelako bi alderdi horiek". Goñiren esanetan, egoera honen aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiari herritarren borondatez osaturiko Udalak bidera eta onar ditzala exijitzen dute. Bien bitartean, gure ahalmenaren neurrian herritarrekiko konpromisoak bideratzen jarraituko dutela azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.