bilerak

EAJ eta ezker abertzalea berriro biltzekotan geratu dira

EAJtik Urkullu, Ortuzar, Egibar eta Gerenabarrena joan dira gaur batzarrera, ezker abertzaletik Etxeberria, Permach, Fullaondo eta Arraiz. 17:30ean hasi dute batzarra, Sabin Etxean. Barrena eta Txelui Moreno Katalunia dira bitartean.

2011ko urriaren 27a
20:20
Entzun

ETAk borroka armatua behin betiko utzi duela jakinarazi ostean, ezker abertzaleak atzo iragarri zuen bera ere eragileekin biltzen hasiko zela. Hala, gaur 17:30etan bildu da EAJrekin Bilbon, Sabin Etxean. EAJtik Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, Andoni Ortuzar Bizkaikoa, Joseba Egibar Gipuzkoakoa eta Iñaki Gerenabarrena Arabakoa bertaratu dira, eta ezker abertzaletik Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Marije Fullaondo eta Hasier Arraiz. 

Bileraren ondoren ezker abertzaleak egindako prentsaurrekoan, hauteskundeen ostean EAJrekin berriro elkartzeko asmoa dutela adierazi du, eta Espainiako Gobernuari gogorarazi dio alderdi guztiekin "elkarrizketak abiatzeko unea" dela. "Konponbide demokratikoa" lortzeko zenbait auziri heltzea beharrezko ikusten du ezker abertzaleak, eta azpimarratu du akordio politikorako bidean ezin dela oztoporik ezarri.

Pernando Barrena eta Txelui Moreno Katakunian dira

Pernando Barrena eta Txelui Moreno Katalunian dira hainbat batzar egiteko. Goizean Solidaritat Catalana per la Independenciako kideekin egon dira Bartzelonan, Kataluniako Legebiltzarrean. Uriel Beltran SIko idazkari nagusiak euskal herriarekin elkarlanean eta laguntasunez jardungo dutela adierazi du eta hauteskundeei begira Amaiur Euskal Herrian lehendabiziko indar izateko duten gogoa azpimarratu du. 

17:00etan ERCrekin batu dira. ICVrekin eta CUPekin ere egongo dira, eta beste zortzi bilera ere egingo dituzte, BERRIAk jakin duenez.

“Alderdi guztiekin abiatuko duen harreman dinamikaren baitan" kokatzen ditu bilera horiek ezker abertzaleak. Nazioarteko Konferentziaren eta ETAren jardun armatua uzteko iragarpenaren ostean sortu den egoera berrian “egin beharreko urratsez” hitz egitea da harremanen helburua. Bere iritzian egin beharrekoa zer den argi dauka ezker abertzaleak: gatazkaren konponbide politikorako eztabaida abiatzea, batetik, eta “salbuespen egoerako neurriak ezabatzea”, bestetik. Neurri horiek ezabatzea Sortu legeztatzea eta presoen eskubideak betearaztea litzateke, besteak beste.

Euskal Herriko alderdiekin ez ezik, eragile sozialekin eta sindikalekin ere elkartuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.