Hamaikabat-eko (H1!) iturriek jakinarazi dutenez, EAJ eta biak Arabara mugatutako hauteskunde akordioa lortzeko ahaleginetan dabiltza. H1!-eko kideak alderdi jeltzalearen zerrendetan sartuko lirateke, independente gisa.
EAJk duela hilabete batzuk horixe bera proposatu zion Hamaikabati, baina eskaintza ez zen Arabarako bakarrik, Bizkairako eta Gipuzkoara ere bai —EAJ Nafarroan NaBai 2011 koalizioan aurkeztuko da—. Gipuzkoako H1!-ek baztertu egin du aukera, herrialde horretan besteetan baino indar handiagoa duela iritzita.
Iñaki Galdos eta Pello Gonzalez dira Hamaikabateko buru nagusietakoak Gipuzkoan, eta biak legealdi honetan herrialdeko diputatu dira. 2007ko bozetan, baina, EAtik aurkeztu ziren —gero sortu zen H1!—.
Duela lau urteko bozetan Araban gauzak oso estu joan ziren: PPk irabazi zituen, 39.765 botorekin; PSE-EEk 39.596 bildu zituen, EAJk 39.055. EA bere kasa aurkeztu zen: 8.692 boto. Hirugarren geratu arren, EAJk lortu zuen ahaldun nagusi postua —Xabier Agirre—, EAren babesari esker.
Maiatzaren 22an izango dira udal eta foru hauteskundeak, eta Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak goizean esan du bere alderdiak eta Hamaikabatek akordioa lortuko duten itxaropena duela oraindik.