Atzo jakin zen EAE-ANVko alkateak kargutik kentzeko idazkia adostu dutela EAJk eta PSE-EEk, eta biak dagoeneko hasi dira horretarako ezohiko udalbatzarrak egin daitezela eskatzen. Arrasaten (Gipuzkoa) aurkeztu dute lehendabizi, gaur 9:30ean erregistratu dute mozioa, Paco Garcia Raya PSE-EEko hango bozeramaileak esan duenez. Arrasaten ANVk zazpi hautetsi ditu, PSEk lau, EAJk lau, EB-Zutikek hiru, eta bana Aralarrek, EAk eta PPk.
EAJk eta PSE-EEk "ETAren atentatuak eta mehatxuak" gaitzesten ez dituzten hautetsien dimisioa eskatzea proposatzen du lehen urrats gisa. Dimisioen eskaera mozioak "soilik bide politiko, demokratiko eta elkarrizketatuen aldeko bidearen apustua" egiten du.
Oraindik ez dute gainontzeko alderdien "erantzun ofizialik" jaso. Nolanahi ere, gaia bihar aztertzeko asmoa dute alderdi guztiekin, Eusko Legebiltzarrean egingo duten bilera batean.
Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariak goraipatu egin du EAJren eta PSE-EEren akordioa, baina esan du horrek bi alderdiek lor ditzaketen bestelako hitzarmenekin zerikusirik ez duela.
EAJren ekimena
EAJk bultzatu du dimisio eskaeren ekimena. Astelehenean, EAJko EBBk EAE-ANVko alkateen dimisioa eskatzeko idazkia kaleratu zuen udaletan mozio gisa aurkezteko, eta proposamena gainerako alderdiei helaraztea adostu zuen, haien babesa eskuratzeko. Hori guztia EAJk Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen aurkako zentsura mozioari babesa eman ez ondoren etorri zen. Babesa ez eman izanagatik PSE-EEk EAJri kritika gogorrak egin, eta Arrasateko alkatea kanporatu ezean alderdi sozialistarekin ez zuela inolako akordio politikorik lortuko ohartarazi zion.
EAJren zuzendaritzak astelehenean jakinarazi zuen EAE-ANVko alkateen dimisioa eskatuz mozioak aurkeztuko zituela, eta eskaera horrek "fruiturik eman ezean" zentsura mozioak aurkezteko aukera mahai gainean duela. Asteartean, gainerako alderdietako ordezkariekin harremanetan jarri zen Belen Greaves EBBren idazkaria, proposamenaren berri emateko.
Ezker Batuak jakinarazi du EAJren proposamena ez zaiola gaizki iruditzen. PPk alde bozkatuko du. EAk dio balitekeela Arrasaten alde azaltzea, baina ez beste herrietan, "kasuak desberdinak direlako". Aralarrek "giza eskubide denen defentsa" egin behar dela adierazi du.
Politika
EAJ eta PSE hasi dira ANVko alkateen dimisioak exijitzeko ezohiko udalbatzarrak eskatzen
Arrasateko udaletxean gaur goizean erregistratu dute mozioa. Honek "soilik bide politiko, demokratiko eta elkarrizketatuen aldeko bidearen apustua" egiten du, eta ETA gaitzesteko exijitzen du. Horrek "fruiturik eman ezean" zentsura mozioak aurkezteko prest daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu