EAJk eta PSE-EEk Madrili men egin dietela uste du EH Bilduk. Bi alderdiek egin duten akordioak "Euskal Herriak bizi duen emergentzia egoerari" ez diola erantzuten uste dute koalizio abertzaleko kideek, eta Madrildik "dekretu bidez etortzen zaizkigun era guztietako inposizioei" aurre egiteko neurri bakar bat ere ez duela jasotzen salatu dute.
Akordioaren edukiak ezagutzen ez dituzten arren, "zehaztasunik gabea, orokorkeriez betea eta edukietan hutsa" dela salatu dute prentsaurrekoan Oskar Matutek, Unai Ziarretak, Ainhoa Beolak eta Joseba Permachek. Herri ikuspegirik ez duela, eta "indarrean dagoen eredua [sozioekonomikoa] egonkortzea" bilatzen duela.
EH Bilduk egin nahi duena, ordea, eredu hori aldatzea dela nabarmendu dute; krisiari eman beharreko erantzuna "demokrazia eta burujabetza erdiesteko borroka" dela uste dute, eta EAJren eta PSE-EEren arteko akordioak halakorik ez daukala nabarmendu du. "Alderdi interes jakin batzuei erantzuten die".
Akordioa gainerako alderdiei irekitzeko asmoaren berri eman zuen EAJk. Baina bilduren ustez, hori, "akordioa herren jaio dela estaltzeko" besterik ez dute egingo. "Benetako akordio zabala" nahi baldin bazuten, hasieratik mahai irekia antolatuko zutela nabarmendu dute, eta ez dutela hala egin. Gainera, EH Bilduren irudiko, Euskal Herrian behar den akordioa eragile politikoekin ez ezik, gizarte eragileekin eta sindikatuekin landu eta adostu behar da.
Epe motzekoa
Sortuko presidente Hasier Arraizek adierazi du EAJ eta PSE-EEk itxitako aurreakordioa ez dela “herri honek behar duena”, "epe motzekoa" delako eta jada dagoenaren gainean egindako zuzenketetan eta “Espainiarekiko dependentzian” oinarritzen delako.
“Egoerak eskatzen du hemengo erakunde, alderdi politiko eta giza agenteak hemen ados jartzea eta hemen erabakiak hartzea Madrildik datorrenari aurre egiteko eta gure alternatibak eraikitzeko balio izateko”, gaineratu du Arraizek Radio Euskadin.
Akordioa errespetagarria iruditzen zaio, baina “zenbakiak baino gehiago, literatura” dela eta alderdien beharrei erantzuten diela erantsi du. PSErekin aurrekontuetan akordioren batera heltzeko aurre ekintza gisa jo du Arraizek ituna.
“Ez da herri honek behar duen akordioa”, azaldu du, orain artekoa berrabiarazten duela iritzita. Arraizek uste du euskal herritarrek “ilusio handiagoa” dutela Kataluniaren independentziarako bidearekin EAJk eta PSE-EEk egindako akordioarekin baino.
Halaber, esan du EH Bilduk ez duela Eusko Jaurlaritza ordezkatzeko asmorik, ezta EAJ eta PSErekin bat egitekorik ere, alternatiban “erreferente” izan nahi duelako eta beste eredu bat eskaintzen duelako.