Eusko Legebiltzarrak Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutua sortzea adostu du, EAJ eta PSE-EEren botoei esker. EH Bilduk abstentzioaren alde egin du, "lehenengo mailako" biktimen —ETAk eragindakoak— eta besteen artean ezberdintasunak egiten direlakoan. PPk eta UPDk, aldiz, kontra bozkatu dute, alde bateko eta besteko biktimak nahastu eta parekatzen direla iritzita.
Memoriaren Institutua "edozein terrorismo, indarkeria edo giza eskubideen urraketaren legitimazioa saihesteko" helburuz sortuko da, PSE-EEk eta EAJk adostutako testuaren arabera. Institutuak euskal gizarteak bizi izandako lau "esperientzia traumatiko" izango ditu ardatz: "Gerra Zibila, diktadura frankista, ETAren terrorismoa eta legez kanpoko kontraterrorismoak". EH Bildu azken kontzeptu horren aurka agertu zen, "estatuaren terrrorismoa eta horrek eragindako giza eskubideen urraketak erantzun modura planteatzen" direlakoan.
Eusko Jaurlaritzaren menpe jardungo du institutuak, eta "balio demokratiko eta etikoen heziketa, hedapena, ikerketa eta kontserbazioa" izango ditu helburu.