Aberri Eguna

EAJ: "Gure helburu politikoa autodeterminazio eskubidearen onarpena da"

EBBk 'Euskadi, gure aberri bakarra' izenpean atera du Aberri Eguneko agiria. Bilbon egingo du bihar ekitaldia, ohi bezala. EAJk Eusko Jaurlaritza galduko duela-eta, alderdi konstituzionalistei kritika ugari egin die idatzian, "aberri aniztasuna eta oinarri demokratikoari zor zaion errespetua akabatu nahi dituztelako".

2009ko apirilaren 11
17:24
Entzun
"Gure helburu politikoa Euskal Herria, subjektu politiko gisa, eta marko politiko eta juridikoaren baitan, bere etorkizun politikoa erabaki ahal izateko eskubidea bermatzean datza: autodeterminazio eskubidearen onarpena eta euskal gizartearen erabakien errespetua bermatzen duten prozedurak". Hala dio EAJko Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) Euskadi, gure aberri bakarra izenpean biharko Aberri Egunera begira plazara atera duen agiriak.



"Euskadi nazio bat" dela aldarrikatu du EAJko zuzendaritzak, "nazio gisa zor zaizkion eskubideak dituen nazioa".

Bilbon egingo du, ohi bezala, biharko ekitaldia, Plaza Barrian, 11:30etik aurrera, Gora ta gora beti lelopean. Iñigo Urkullu EAJko presidentearen eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariaren hitzaldiak izango dira.

Alderdi konstituzionalistei kritikak

PSE-EEren eta PPren akordioari esker, EAJk Eusko Jaurlaritza galdu egingo du -lehen aldiz-, eta Aberri Eguneko agirian tarte handia betetzen du alderdi konstituzionalistei egin dizkien kritikak. "Joko demokratikoaren arauak aldatu dituzte eta euskal gizarteak bere osotasunean Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza izatea eragotzi dute. Ukatu egiten dituzte euskal instituzioetako gehiengoek babestu dituzten proposamen eta egitasmoak. Akabatu nahi dituzte aberri aniztasuna eta oinarri demokratikoari zor zaion errespetua, hauek direlarik nazio arteko bizikidetzarako sistema demokratikorako jarduera lerro nagusiak".

EAJk hauteskundeen ondoren PSE-EEri Jaurlaritzan elkarrekin gobernatzeko eskaintza egin zion, erabaki eskubidea aipatu gabe, eta proposamen hura "taktikoa" ez zela izan dio EBBk. "Ez zen botereari eusteko eskaintza, baizik eta sinismen sakon bati erantzuteko, urrutik datorren eta gizarte honekin daukagun elkarrizketari esker helduz joan den uste sendo bati, hain zuzen ere".

Eusko Legebiltzarrean oposizioan egongo da aurreneko aldiz EAJ. "Oposizioan izango gara gobernuan izan garena", dio, ordea. "Batzuek diote Alderdi honek ez duela jakingo zer egin oposizioan edo apurtuko dela, baina Euzkadi Buru Batzarrak bi gauza, bi konpromiso ziurtatzen ditu: gure batasuna ez da ahulduko eta ez dugu zentraltasuna galduko, ezta erreferentzia instituzionala ere".

ETA sobera dagoela uste du EAJk; "herri honi traba besterik ez dio egiten".

Europako Parlamenturako hauteskundeez ere mintzo da agirian -ekainaren 7an izango dira-. "Europako interdependentzien eszenatokian izango gara Euskadi modura". Alderdi jeltzalea CiUrekin batera aurkeztuko da -BNGk uko egin dio oraingoan hirukoan joateari, eta ERC, EA eta Aralarrekin aurkeztuko da-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.