Politika

EAJ: "Lehendakaria eseriaraztean, erakunde sistema osoa epaitzen da"

Urkulluk Ibarretxeren eta PSE-EEko eta Batasuneko kideen aurkako epaiketa gaitzetsi du, EBBren izenean. "Gizartearen zati handi batean urduritasuna, frustrazioa eta irain sentimendua" eragiten ditu.

2009ko urtarrilaren 7a
13:30
Entzun
EAJko zuzendaritzak gaitzetsi egin du Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren kontrako epaiketa, "lehendakaria eseriaraztean, erakunde sistema osoa epaitzen delako". Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak agiria irakurri du gaur, Bilbon, EBBko kide gehienak ondoan zituela.

"Epaiketa ez zatekeen inoiz burutu behar, ezta auzipetuen prozesamendua onartu ere. Justizia erakundeen, eta kritikak jasotzen dituzten beste botere publiko guztien, eskumenak eta prozedurak erabat errespetatzen ditugun arren, zentzugabekeria larria iruditzen zaigu elkarrizketa politikoa erruztatuen aulkitik egitea; horixe baita auzipetu guztiek egin zutena", dio agiriak. "Ez dugu zalantzarik, Ibarretxe lehendakariak egin behar zuena egin zuen. Eta egin zuena, legezkoa izateaz gain, lehenik eta behin, betebeharra zen. Herrialde honetako aginte goren gisa duen betebeharra. Elkarrizketa politikoaren bidez bakea eta Euskadirentzako normalizazio politikoa bilatzea erakundeek eta alderdiek Euskadiko herriarekin duten zorra da".

EAJren ustez, epaiketa horrekin "eskubideak eta betebeharrak mugatu" egiten dira, eta "gizartearen zati handi batean urduritasuna, frustrazioa eta irain sentimendua" eragiten ditu.

Bihar hasiko da epaiketa, Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusian. Hiru aste iraungo du.

Ibarretxez gain, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia eta Rodolfo Ares Antolaketa idazkaria, eta Arnaldo Otegi -gaur eguerdian prentsaurrekoa emango du, Donostian-, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena eta Olatz Dañobeitia Batasuneko kideak ere epaituko dituzte. Ermuko Foroak urtebete eta lau urte arteko kartzela zigorra eskatzen du Batasuneko ordezkarientzat, bi urte eta bederatzi hilabetekoa Ibarretxerentzat, eta bederatzi hilabete eta urtebete artekoa Lopezentzat eta Aresentzat. Jose Antonio Subinas, Juan Carlos Benito-Butron eta Manuel Diaz Rabago izango dira epaileak.

Ibarretxe, Otegi, Barrena eta Petrikorena, 2006ko apirilaren 19an Ajuria-Enean euren artean batzarra egiteagatik auzipetu zituen EAEko Auzitegi Nagusiko Roberto Saiz epaile instruktoreak, azken hirurak Batasuna legez kanpoko alderdi politikoko kideak direlako, eta Lopez, Ares, Otegi, Etxeberria eta Dañobeitia, urte bereko uztailaren 6an Donostian biltzeagatik, azken hirurak Batasunekoak direlako. Batasunekoei desobedentzia delitua egitea egotzi die, eta besteei delitu hori egiteko beharrezko kolaboratzaile izatea. Jendaurrekoak izan ziren bilera haiek, ETA su-etena eman eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.