Euskobarometroa

EAJ litzateke garaile EAEn, hauteskundeak orain egingo balira

Euskobarometroak emandako datuen arabera, nabarmen behera egingo luke parte hartzeak, batez ere, PSE-EEren eta PPren kaltetan.

Hodei Iruretagoiena
2013ko uztailaren 5a
17:57
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hautesleen boto intentzioari buruzko datuak kaleratu ditu gaur Euskobarometroak. Horien arabera, ez legoke gobernu aldaketarako aukerarik, hauteskundeak orain egingo balira. Izan ere, EAJk indartu egingo luke gehiengoa, boto baliodunen %34 jasota, iazko hauteskundeekiko alde handirik ez legokeen arren. EH Bilduk, berriz, mantendu egingo luke boto kopurua, eta bigarren indarra litzateke hiru lurraldeetan —oso gutxigatik, baina EAJ litzateke garaile Gipuzkoan ere—.

Parte hartzeak %5 egingo luke behera iazko datuekin alderatuta; batez ere, PSE-EEren eta PPren hautesleen artean nabari da beheraka. Euskobarometroaren iazko eta aurtengo emaitzak alderatuta, 60.000 boto inguru galduko lituzke PSE-EEk, eta 50.000 inguru PPk.

Eserleku banaketa

Legebiltzarreko eserlekuei dagokienez, PSE-EEk nabarituko luke gehien beherakada hori, bi eserleku galduta —hamalaurekin geratuko litzateke—, eta PP ere arriskuan legoke eserleku bat galdu eta bederatzirekin geratzeko. Horien ordez, Eusko Legebiltzarrean sartzea lortuko luke Ezker Anitzak, bi eserlekurekin, eta UPDk mantendu egingo luke berea.

EAJk eserleku bat gehiago lortzeko aukera izango luke, eta 20 eta 22 artean geratuko litzateke EH Bildu.

Maiatzaren 7tik 27ra egindako galdeketen emaitza dira Euskobarometroak gaur jakinarazi dituen datuak; 1.200 elkarrizketa egin dituzte, 400 lurralde bakoitzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.