Imazen erretiratze politikoa/Erreakzioak

EAJ "oinarrizko jarreretan" ez dela aldatuko uste du Rubalcabak

Imaz erretiratu arren, Espainiako Gobernuaren eta jeltzaleen arteko elkarrizketa oinarriak "sendoak" direla nabarmendu du Espainiako Barne ministsroak. Batasunak, berriz, EAJren "PSOErekin kolaboratzeko ildo estrategikoan" oraingoz orain ez du aldaketarik espero.

2007ko irailaren 13a
17:44
Entzun
Josu Jon Imaz EAJko presidenteak kargurako berriro ez aurkeztea eta politikatik erretiratzea penaz hartu duela aitortu du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak. Imazekin aspalditik harreman estua duela agertu du, eta "momentu zail askotan" elkarren ondoan izan direla.

Hala ere, Imazen erabakiaren harira Espainiako zenbait komunikabide eta politikarik esandakoak gehiegizkoak direla iradoki du, Rubalcabaren arabera, Espainiako Gobernuaren eta EAJren arteko elkarrizketa oinarriak "sendoak" baitira eta ez baitu uste "oinarrizko gaietan" jeltzaleen jarrera aldatuko denik. "Pertsonek laguntzen dute, baina, esaterako, terrorismoaren aurkako politikan egin ditugun diskurtsoak alderdi guztiok bat gatozen diskurtsoak dira", azpimarratu du.

Ildo beretik, EAJk hartu dezakeen norabidearen inguruan plazaratu diren zenbait kezka "oinarrigabeak" iruditzen zaizkio Rubalcabari, eta ez du uste "oinarrizko jarrerak" aldatuko dituenik: "EAJk ETArekin duen esperientzia PPk edo PSOEk duenaren oso antzekoa da. Hirurok saiatu gara ETArekin hitzegiten, eta hirurok aurkitu dugu elkarrizketaren ordez bere ideiak inposatu nahi zituen ETA bat".

Imazek erretiratzeko erabakia har zezakeela lehendik sumatzen zuela agertu du Rubalcabak.

Batasunak, oraingoz orain, ez du aldaketarik sumatzen

Batasunak, berriz, Imazek politika utzi arren ez du oraingoz orain aldaketa handirk espero EAJren jarreran. "Oraingoz orain, ez du esan nahi PSOErekin kolaboratzeko ildo estrategikoan aldaketarik izango denik", adierazi du Joseba Alvarez Batasuneko buruzagiak. "Gaurkoz, kontrakoa frogatzen ez duten bitartean,EAJren ildoa lehengo bera da Imazekin edo Imaz gabe". Hala ere, Imazen erabakiaren ondotik jeltzaleek bide hori baztertuko balute "albiste ona" litzatekeela nabarmendu du. "Nahiko genuke EAJk errepresioaren bidea uztea, eta herri honen eskubideen alde jartzea eta marko demokratiko baten bidez konponbidea bilatzeko debatean ezartzea".

Erabakitzeko eskubidean aurrera egiteko ona izan litekeela uste du Aralarrek

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea ere mintzatu da Imazen erabakiari buruz, eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean aurrera egiteko ona izan litekeela iritzi dio. "Erabakitzeko eskubideari ematen zaion garrantziaren azpimarratze horretan, urrats bat gehiago emango du Eusko Alderdi Jeltzaleak. Uste dut luzarora Ibarretxeren irudia ere indartu egiten duela, eta, beharbada, Nafarroa Bai bezalako plataformentzat ondo etorriko da norabide hori sendotzea", esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.