EUSKAL HERRIA

EAJ-ri herri harresian parte hartzeko eskua "zintzoki" luzatu diote Aske Gunetik

"Badakigu zein den agindua ematen duena, Madril, EAJ erdian dago eta bera da agindua bete behar duena". Horren harira, EAJ-ri Ertzaintza "Espainiako lege injustua" betetzera ez bidaltzeko eskatu diote Aske Gunetik arratsaldeko elkarretaratzearen amaieran.  

2013ko apirilaren 17a
21:13
Entzun

Epaiaren berri izan zutenetik egunero bezala 19:30ean elkarretaratzea egin dute Donostiako zortzi gazteen alde Bulebarrean. Elkarretaratzearen amaieran prentsaurrekoa egin dute, eta EAJri herri harresian parte hartzeko eskua "zintzoki" luzatu diote Aske Gunetik. Lehen neurri gisa eskatu diote Ertzaintza gazteak atxilotzera ez bidaltzeko. Eta nabarmendu dute hori dela euskal jendartearen gehiengoak nahi duena. "Gatazkaren konponbidean elkarrekin joan behar dugu denok, herritarren gehiengoak hori eskatzen du". Horrez gain, adierazi dute nazioartean oihartzuna izaten ari dela -Vilaweb Kataluniako hedabideak, adibidez-.

Espetxera zigortutako Donostiako zortzi gazteak atxilotzeko agindua emana du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta Aske Gunean 24 orduz egotera deitu zuen Eleak Mugimenduak atzo. Hala egin dute bart 400 pertsona inguruk, gaua bertan igarota. Zigortuak izan diren gazteei babesa adierazi, eta, Polizia haiek atzematera joatekotan, atxiloketak oztopatzera deitu dute.

Polizia ez da gazteak atxilotzera joan goizaldean, eta 07:00 aldera hasi dira jaikitzen. Gazteak atxilotzera joan arte geratuko dira bertan. Goizean zehar jende gehiago hurbildu da gunera, eta eguerdiko elkarretaratzean 600 pertsonatik gora batu dira gazteak babestera, antolatzaileek jakinarazi dutenez. LABeko 150 kide ere izan dira protestan. Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusiak esan du "gazteak baretzetik urrun, antolatzearen alde egiten dutenak gero eta gehiago" direla.

[Youtube]http://youtu.be/WG2kaEfF4eY[/Youtube]

Atzo iluntzean, elkarretaratzea egin zuten 19:30ean, eta ehunka pertsona elkartu ziren Bulebarrean, zigortuei babesa azaltzeko.

Astelehen gauean eman zuen Auzitegi Nazionalak Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe, Egoi Alberdi eta Aitor Olaizola atxilotu eta espetxeratzeko agindua. Astebete lehenago, seina urteko espetxe zigorra berretsi zien Auzitegi Gorenak, Segiko kide izatea leporatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.