Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hautagaiak aurkeztu ditu EAJk gaur eguerdian, Gasteizen. Iñigo Urkullu EAJren EBBko buru eta Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaiak esan du jeltzaleek “egitasmo errealista” dutela eta “zentzuz eta senez” garatuko dutela. Hala, besteak beste, gazteen alde lan egingo dutela adierazi du Urkulluk, eta 20.000 gazterentzako lan aukera berriak sortzeko “indar guztiak” jarriko dituztela agindu du. "Gazteria oso ongi prestatuta dago, eta lan aukera bat eskatzen digu. Lanbidetik hasita, gure indar guztiak jarriko ditugu helburu horren mesedetan".
Urkulluren ustetan, Gazteentzako Enplegu Plan bat martxan jartzea "premiazkoa" da, eta jeltzaleek lan egingo dute gazteen ekimena eta enplegua sustatzeko.
EAJk "Euskadirako proiektu bat" baduela azaldu du, halaber. Adierazi duenez, datozen lau urteetan EAJk "bakea, elkarbizitza, garapena eta ongizatea" bultzatu eta "Euskadi nazioa Europan" proiektua gauzatu nahi du, eta, horretarak,o "akordio sakonak eta zabalak" bilatuko ditu.
Gasteizko ekitaldian izan da ezustekorik ere. Izan ere, EAJren lehendakarigaiaren urtebetetze eguna da gaur —51 urte bete ditu—, eta hitzaldia amaitutakoan tarta batekin zoriondu dute hautagai guztiek.
Hautagaiak, jarraitutasunaren bidetik
Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako hautagai zerrendari dagokionez, joan den legegintzaldiko legebitzarkide taldearen oso antzekoa aurkeztu du EAJk. Araban eta Gipuzkoan bertako buru batzarretako lehendakariak izango dira zerrendaburuak: Xabier Agirre Araban, eta Joseba Egibar Gipuzkoan. Bizkaian, BBBko lehendakari Andoni Ortuzar bigarren lekuan izango da, Urkullu lehendakarigaia zerrendaburu izango baita.
Bizkaian egin dute zerrendarik kohesionatuena, BBBk aurkeztutako zerrenda ofizialaren alde lerrokatu baitira oinarriak.
Gipuzkoan, Egibarren ildokoek ez dute arazorik izan zerrendetan aurreneko lekuetan agertzeko. Hala, Eusko Legebiltzarreko presidente izateko hautagai Bakartxo Telleria izango da bigarren Gipuzkoan.
Araban, berriz, gorabeheratsuagoa izan da zerrendak osatzeko prozesua, Xabier Agirreren eta Iñaki Gerenabarrenaren arteko lehia bizia izan baita. Agirreren ildokoak garaile atera ostean, eta Mikel Martinez eta Nerea Antia zerrendatik kanpo utzita, amaitu berri den legegintzaldiaren antzeko taldea aurkeztu du ABBk; Jone Berriozabal bigarren postuan egongo da.