politika

EAJk Aberri Egunaren ondoren ekingo dio Jaurlaritzako lehendakarigaia hautatzeko prozesuari

Hilabete eta erdi iraungo du prozesuak. Euzkadi Buru Batzar osatu berriak arratsaldean egin du lehen bilera. Xabier Agirrek aitortu du ez daukala nahiko lukeen taldea ABBn.

2012ko martxoaren 26a
18:44
Entzun

EAJko Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) taldea osatu denetik arratsaldean egin du lehen bilera, Bilbon, eta, iturri jeltzaleek esan dutenez, gaur ez dute Eusko Jaurlaritzarako euren lehendakarigaia hautatzeko prozesuaz hitz egin, Aberri Egunaz baizik. Iturri haien arabera, astesantuen ondoren ekingo diote prozesuari, eta 45 egun iraungo du, maiatzaren bukaera arte.

Eusko Legebiltzarrerako azkeneko hauteskundeak 2009ko martxoaren 1ean izan ziren.

Iñigo Urkullu EBBko presidentea, eta Pilar Garcia de Salazar, Iñaki Goikoetxeta, Joseba Aurrekoetxea, Gonzalo Saenz de Samaniego, Aitor Olaizola, Lorea Bilbao, Nekane Alonso eta Koldo Mediavilla zuzendaritzako kideekin batera batzartu dira lurralde buru batzarretako arduradun izendatu berriak: Joseba Egibar (Gipuzkoa), Andoni Ortuzar (Bizkaia), Xabier Agirre (Araba), Txaro Goikolea (Iparraldea) eta Manu Aierdi (Nafarroa). 

Xabier Agirrek aitortu du ez daukala nahiko lukeen taldea ABBn

Xabier Agirre EAJko Araba Buru Batzarreko (ABB) presidente berriak goizean aitortu du ez daukala nahiko lukeen taldea, baina espero du bi ildoen arteko lehia bukatu egingo dela, "EAJk lidergoa berreskuratu eta Araba abertzalea eta demokratikoa eraikitzeko".

Larunbatetik da kargu horretan Agirre ahaldun nagusi ohia, lurralde batzarrean 33 boto jasota. Iñaki Gerenabarrena ordura arteko buruak 26 boto bildu zituen eta bost boto txuri izan ziren. ABBko hamalau kideetatik bederatzi Gerenabarrenaren zerrendan zeuden.

"Ez dakit bozketan esku beltz bat izan zen edo akats arrunt bat. Bozketa ez zen izan esperotakoa", esan du Agirrek ETB2n gaur. Ondorioz, onartu du "tentsioa" egon zela batzarrean.

Agirrez gain, Monica Arbaiza, Beatriz Artolazabal, Maixabel Azpillaga, Natalia Elorza, Unai Grajales, Eugenio Jimenez, Izaskun Moyua, Borja Ormaetxea, Iñaki Prusilla, Ana Ruiz de Alegria, Jose Antonio Suso, Jon Uriarte eta Luis Zarrabeitia dira ABBko kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.