Xabier Agirre (EAJ) Arabako ahaldun nagusiak foru gobernutik kanporatu du gaur Aralar, 2010eko aurrekontuak ez babesteagatik. Jabier Aspuru da Aralarrek gobernuan zuen kide bakarra, eta bozketan abstenitu egin da, EAJk PSE-EErekin adostu dituelako aurrekontuak. Gazteria eta Gizarte Sustapeneko diputatua izan da legealdi hasieratik.
2010erako aurrekontuak adostu ditu Diputatuen Kontseiluak, ezohiko bileran. 2.294 milioi euroko aurrekontua onartu dute. Batzarraren ondorengo agerraldian, Aralarreko kideari dimisioa aurkezteko eskatu diola azaldu du Agirrek. Aspuruk ez du halakorik egin eta horregatik gobernutik kanporatzeko erabakia hartu du Agirrek.
Gaur arratsaldean, prentsaurrekoa eman du Aralarrek, Donostian. Bertan, Jon Abril alderdiko koordinatzaileordeak Aralarrek "koherentzia politikoz" jokatu duela erran du. “Guk gobernu horretako kide izanik ez dugu ez Aldundi osoko, ez gure departamentuko aurrekontuak negoziatzeko eta eztabaidatzeko aukerarik izan”, salatu du. Gobernu "aurrerakoi eta abertzaleko" kideekin baino, PSErekin "lehentasunezko" harremanak nahiago izatea leporatu dio Abrilek EAJri. “EAJk ahaztu egin du Aralarrekin gobernatzen zuela Arabako Diputazioan. Ez du inolako begirunerik ez leialtasunik agertu bere gobernukidea izan den alderdi honekiko”, gaineratu du.
Abrilek babes osoa agertu dio Aspururi.
Politika
EAJk Arabako foru gobernutik bidali du Aralar, aurrekontuak ez babesteagatik
Jabier Aspuru Gazteria eta Gizarte Sustapeneko diputatua bozketan abstenitu egin da, EAJk PSErekin adostu dituelako hurrengo urteko aurrekontuak. Aralarrek prentsaurrekoa egin du arratsaldean, eta "koherentziaz" jokatu duela azaldu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu