Bilboko Udaleko osoko bilkurak 2015eko aurrekontuak onartu ditu, EAJren botoekin. PP eta PSE abstenitu egin dira; EH Bilduk, berriz, kontra bozkatu du, "agortutako eredu batean oinarritzen delako". EAJk oposizioko alderdien 46 emendakinak onartu ditu.
489,7 milioi euroko aurrekontua izango da; udalak aurten baino %4,5 gutxiago izango du gastatzeko (-23 milioi). Marta Ajuria Ogasun zinegotziak nabarmendu du inbertsioetan "beherakada arin bat" izan dela —2,3 milioi—, eta aurrekontua "neurritsua baina sozialagoa" dela.